Mendikateak, biak ebaki beharrekoak

Horregatik saiatzen dira horrenbeste lagun puntaren puntara iristen. Mendia zenbat eta altuago, orduan eta garbiago ikusten omen da argia. Batzuen ustez, helmuga baino inportanteagoa da bidea bera, baina hori diotenek ez dute zapaldu inoiz zortzi mila metrotik gorako mendi tontorrik. Lourdesek egin zuen, birritan. Jakituria bikoitza, bada. Bigarren aldian, beherako bidean, espedizioko kide batek estropezu egin eta heriotzak besoetan hartu arte amildu zen. Han geratu zen gaztearen gorpua, magal izoztuan, bizitzaren zentzua ulertu duen baten lasaitasunaz. Duela hogei eta hiru urte gertatu zen ezbeharra. Harrezkeroztik, Lourdesek ez du mendirik zapaldu. 

Ezkondu zenean irribarre egin zuen, gerrira arteko elur eremu bat zeharkatzeko behar den esfortzu bera eginez. Haurdun zegoela jakin zuenean, malko bat rapel eginez jaitsi zen ezpain muturreraino. Haurra erditu zuenean, ez zuen onartu zilbor-hestea eteterik. Oihu eta garrasi egin zuen. Barrua askatu beharra zuen, eta seguraski, norbaiti zerbait egotzi nahi zion. Misterioari, demagun.

Gaur jakin du mendietako izotzak urtzen hasiak direla eta mendizale batzuen gorpuak agerian geratu direla. Isilik geratu da, luze, pare bat egunez. Ondoren, mendirako arropa eta tresneria zaharra bildu ditu ohe gainean. Jantzi egin ditu. Horrela aurkitu dute etxekoek. Senarrak amore eman dio ezpainetan, eta kakaoaren likitsak emaztea zeinen urrun dagoen sentiarazi dio.

Izan ere, Lourdes iritsi da zazpi mila metrora dagoen kanpalekura. Ezin du gehiago. Lehertuta dago. Delirio batek harrapatu du. Hildako lagun gaztea ikusi du, menditik behera oinez, irribarrez. Aldamenean eseri zaio. "Zer egiten duzu hemen?", galdetu dio gazteak. Lourdesek zera erantzun dio: “Zure bila etorri naiz, zu etxera eramateko”. Gazteak ez du irribarrerik galdu: “Ez, zu ez zara nire bila etorri, zure bila etorri zara. Eta honez gero jakin beharko zenuke bizitzan badirela lortu ezinezkoak, tontorrera birritan iritsi denak jakin beharko luke, behintzat”.