Badator Eskola Bidea.

Erabiltzailearen aurpegia Hezkuntza Proiektua 2018ko ots. 6a, 08:39
Ikasturte honetan, Eskola Bidearen lehenengo fasea burutuko da; haurren mugikortasunaren diagnostikoari, bide posibleen proposamenari eta froga pilotuari dagokiona.

Estaziñoko parkearen inaugurazioa ez da, inondik inora, haurrekin burututako parte hartze prozesuaren azken festa izango, izan ere, oraindik asko dute eta esateko. Azken finean, haurrek eskubidea dute eragiten dien (digun) edozein gairen inguruko iritzia emateko eta entzunak izateko, eta helduok beharrezkoa dugu haurren ikuspegia ezagutzea, beraien beharretara eraikitako herria guztion beharretara eraikitako herria baita.

 Ikasturte honetan beraz, herriko hezkuntza eragile ezberdinen elkarlanaz Eskola Bidea proiektua jarriko dugu martxan. Baina zer da Eskola Bidea? Haurren autonomia garatu nahi duen egitasmoa da; haurrak eskolara bide seguruetatik, beraien kasa eta oinez joatea sustatuz eta erraztuz. Era berean sozializazio aukerak sortu eta etorkizun baterako ohitura osasuntsuak finkatzen dira.

Proiektua garatzeko, haurren parte hartzeaz gain, ezinbestekoa da hezkuntza komunitate osoa inplikatzea; gaztetxoak, hezitzaileak, gurasoak, zaintzaileak, auzokideak, merkatariak etab. Horregatik, datozen hilabeteotan lanketa ezberdinak egingo ditugu  eskolan zein eskolatik kanpo. Helduei dagokienean, proiektuaren aurkezpena otsailak 20an egingo da herriko antzokian arratsaldeko 18:30ean. Eskolan berriz, hasiak dira haur eta irakasleei zuzendutako saioak.