"Jolasan Estaziñua" parte hartze prozesua hasiko da apirilean

Erabiltzailearen aurpegia Hezkuntza Proiektua 2017ko api. 11a, 11:03

Estaziñoko parkea berritzea helburu duen prozesua izango da eta, haur eta gazteek zein helduek parte hartzeko aukera izango dute.

Apirila iristearekin batera, Hezkuntza Proiektuaren beste egitasmo bat jarri da martxan: Jolasan Estaziñua. Haur eta gazteen parte hartzea oinarri izango duen egitasmoa izanik, Estaziñoko parkearen berritzea du xede prozesuak.

Abendutik prestaketa lanetan dabiltza Kukumixo aisialdi taldeko kideak, eta Soraluzeko Udala metodo egokia aurkitu nahian aurreko urteetan haur eta gazteek egindako eskaerei erantzuteko. Herriko jolas parkeak zaharkituak daudela eta, bereziki, Estazioko parkeak duen erabileragatik, bertatik hastea erabaki zen.

Horrela, hiru fasetan banatuko den prozesua diseinatu da; apirilean, proposamen eta beharretatik hasi; ekainean, adostutako diseinu batekin bukatu; eta, udan, berriztu eta irailean aurreikusten da inaugurazioa egitea.

Gainera, saioak egiteko Ludoteka eta Gaztelekua bezalako udal zerbitzuak erabiliko badira ere, apustua egin da kalean saio irekiak egiteko. Hortaz, nahi duen orok izango du aukera bere aletxoa jartzeko.

Helduek ere izango dute prozesuan parte hartzeko aukera horretarako prestatutako saioetan; hasteko, hurrengo maiatzaren 2rako antolatu dugun hitzaldian. Txusma Azkona etorriko da jolas parkeen inguruko hainbat esperientzia elkarbanatzera eta aukera egongo da eztabaidarako eta proiektuari ekarpenak egiteko.

Edozein zalantza edo ekarpen egiteko email helbide bat sortu da: jolasanestazinua@gmail.com