Hemen dago jada

Lurra 1,5 gradutik gora berotzen bada izango dituen ondorioak atzeraezinak eta katastrofikoak izango dira gizateriarentzat. 2050Erako Euskal Herriak bere CO2 emisioak %7,5 murriztu behar ditu urtero. 30 urtean %4,3 baino ez ditugu murriztu.

Ez daukagu, beraz, denbora asko, baina badaukagu nondik ekin. Egun agintean dauden politikariek, ohi bezala, ardura norbanakoon gainean jartzen ari dira: birziklatu ezazu (baina atez atekorik ez), argiaren kontsumoa aurrezteko neurriak har itzazu eta abar.

Baina hemen egiturazko aldaketak behar dira. Merkatu jainkoa ez da erronka honi heltzeko gai edo okerrago, katastrofean sakondu dezake interes korporatiboen lehiak. Merkatua interbenitu eta egiturazko planak behar dira: zer egingo dugu energiaren kontsumoa murriztu eta elektrifikatzeko?

Zer egingo dugu, kotxea hainbeste hartu beharrik gabe, gure mugikortasuna murrizteko? Zer egingo dugu elikadura kateak murriztu eta gerturatzeko?