Non desagertu da eszena?

RK Zuloren emanaldia Plaza Zaharrean.

2003/2004an urteen bueltan, memoriak huts egiten ez badit, herrian musika taldeek entseatu ahal izateko lokalen aldeko borroka piztu zen. Hori lortzeko, urte batzuetan zehar RK Zulo jaialdia antolatu zen. Besteak beste, gogoan ditut Kalaña taldekoak, kalean kontzertuak jo eta zarata ateratzen. lokalak eskatzeko. Borroka hari esker eskuratu ziren, egun oraindik erabiltzen diren Ezozi Bideko lokalak. Urtebete beranduago edo sortu genuen lau lagunek Junzai Txetxera taldea. Entseatzeko toki bila, guk ere jada han zeuden taldeengana jo genuen. RK Zulo jaialdiak jarraitu zuen beste urte batzuetan. Nerabezaroan denboraren kontzepzio laburra izaten dugu eta 2006an edo, bete genuen guretzat ametsa zena, jaien bezperan RK Zulo jaialdian kontzertua jota, gure kantu propioekin. Gure kantu propioak... Ia ez ginelako kapaz bertsioak jotzeko ere.

Uste dut lokalak eskuratzea sekulako mugarria izan zela. Musika talde berrien eztanda gertatu zen. Jendeak bide bat ikusten zuen musika jotzen hasteko, gehiegi jakin gabe ere. Han zegoen saltsak harreman berriak sortu edo indartzen zituen, bide emanez talde edo kolaborazio berriei. Gainera, Gaztetxea kontzertuak emateko plataforma zen. Zenbat aldiz ez ote dugu jo bertan!

Talderik gehienak rock eta punk estilokoak izan ziren. Noski, denak ez ziren hazi Ezozi Bideko lokaletan. Aipatzekoa iruditzen zait neskaz osatutako taldeak ere bat baino gehiago izan zirela. Eta gogoan dut Klavo Oxidado taldeak, bitarteko oso gutxirekin, hiru disko argitaratzeaz gain, zer nolako fenomenoa eragin zuen inguruko herri batzuetan.

Zikloek ordea, euren goraldiak eta beheraldiak izaten dituzte eta hura iragan zen. Azpimarratzeko moduko salbuespena da musika elektronikoarena, Gune Musik-en bueltan sortu den tribua eta.

Baina, oro har, gaur ez dago duela 15 urteko eztandarik. Arrazoietako bat izan daiteke rock musikak bizi duen beheraldia (ez dago modan). Baina badira apuntatu nahiko nituzkeen beste elementu batzuk ere:

1. Zer gertatzen da Musika Eskolan instrumentuak ikasten dituzten dozenaka ikasleekin? Zergatik ez dira hortik talde gehiago sortzen, berdin da ondo pasatzeko edo norbere sormena plazaratzeko? Irakasleek egiten dute ahalegina konboen bidez talde esperientzia horiek sustatzeko baina nabarmena da eten bat gertatzen dela hor.

2. Ba al dago behar besteko azpiegiturarik kultur sorkuntza hori sustatzeko herrian? Zergatik ez dira Ezozi Bideko lokalak aukera bat gazte horientzat? Nahi duenak eman dezala buelta bat bertatik eta atera ditzala konklusioak.

Amaitzeko, aste honetan Arantza Santestebani entzun diodan erreflexio bat: “Ezjakintasuna ere izan daiteke gauzak sortzeko modu bat". Beldurrik gabe, martziano izan. Herri bizi batean ezinbestekoa dugu kultur sorkuntza eta adierazpideei ere bide ematea.