Errespetua

Erabiltzailearen aurpegia Feli Oregi 2017ko mar. 29a, 09:26

Errespetua da parekoa den moduan onartzea, bere ibilmoldean, bere jazteko eran, bere pentsamoldean...  Errespetua da besteen betaurrekoak aintzat hartzea, besteek duten ikuspegi pertsonala eta desberdina kontuan hartzea. Errespetua da aurretik landu eta lortu denari aitortza egitea, eta, ondoren, nahi bada, aldaketak proposatzea.

Ikuspegi sistemikoaren arabera, gure zeluletan daukagu gordeta gure aurrekoen informazioa, fisikoa, zein bizipenei lotutakoa, eta ezaugarri horiek gugan azaleratzen dira: ile kolorea, neurria, izaera... Norbait haserre dagoenean edo arazoak dituenean egonkortasuna lortzeko, bere sisteman duen gatazkaren jatorria identifikatzea da aukera bat. Gatazken jatorrian errespetu falta agertzen da beti, egoera bati emandako erantzun desegokia.

Desadostasunak elkarrekiko errespetuan kudeatzen asmatuko bagenu gatazka asko saihestuko genituzke, eta, seguruenik, zoriontsuago biziko ginateke.