Txurrukenen eta Erresidentzian ospatu dute Mesedeetako Amaren eguna

plaentxia_com 2007ko ira. 26a, 13:15

Aspaldiko urtetan ez zen herrian Mesedeetako Ama edo Merced Egunagatik jairik egiten, Zaharren Egoitzan ez bazen. Aurten Atxuri, Errekalde, Gipuzkoako Etorbide eta Serafin Atxotegiko 60 bizilagun festarako elkartu dira. Zapatuan bazkaria eta  musikaz alaitutako dantzaldia izan zituzten.

{mosimage}{mosimage}{mosimage}{mosimage}Albesako etxe berrien ostean, gune bizi bat sortu da, taberna berriaren irekiera eta plazarekin. Hantxe izan zen jaia zapatuan. Txurrukengo jaia esan diote batzuek. Antolatzaileek datorren urtean ere bide beretik joateko asmoa daukate, umeentzat jolasak eta txokolatada egiteko gogoarekin. Udalari diru-laguntza eskatuko diote, aurten eskatu arren, aulkiak eta mahaiak besterik ez baitute jaso ahal izan.

Zaharren Egoitzan urteroko ohiturari eutsi zioten. Astelehenean meza egin zen herritar askorekin batera eta ondorenean bazkari berezia izan zuten. Bertaratu zuten Jose Luis Arizaga alkatea, Mikel Santiago Osasun eta Gizarte Ongizate zinegotzia, Rufino abadea eta Txema Peñalba medikuak ere. Arratsaldean bingo berezia izan zuten.