Debabarreneko EAE-ANVk udalen osaketetan izango dela adierazi du

plaentxia_com 2007ko eka. 14a, 16:58

"Dagokigun lekua okupatuko dugu zapatuko udal osaketan". Horixe adierazi zuten Kiroldegian herenegun egindako prentsaurrekoan, Debabarreneko ANVko hautetsi eta kideek. "Eragozpen guziten gainetik, udaletxe guztietan" izango direla baieztatu zuten. 

Soraluzen eta Deban udal-hauteskundeetan EAE-ANV legezkoa izan bada ere, ez da egoera berean izan gainerako bailarako herrietan. Ondorioz, dei zuzena egin diete gainontzeko alderdietako hautagaiei "larunbateko udal osaketetan zinegotzi karguak hartzeari uko egin diezaioten".

"Azken udal hauteskundeetako emaitzak ikusita, eskualdeko milaka lagunek beste mota bateko herrigintzaren eta beste erako instituzioen aldeko apustua egin dute", prentsaurrekoan azaldu zutenez.

 "Konponbidearen aldeko ahalegina biderkatzeko eta prozesu demokratiko baten aldeko konpromisoa" berretsi zuen Debabarrenako ezker abertzaleak aho batez.