Zergatik erabaki duzue Barrena proiektua eratzea?
Garaiak aldatuz doaz eta adituek diote komunikazio arloa are gehiago aldatuko dela, batez ere, adimen artifizialak eraldaketa handia ekarriko duelako. Horrek esan nahi du berritu beharra daukagula, batez ere digitalean, eta hori egiteko gaitasuna izateko modu bakarra euskarazko tokiko beste hedabide batzuekin elkartzea da. Hain zuzen, horixe da egin duguna, Debabarreneko beste hiru hedabiderekin bat egin, garai berrietako premiei erantzun ahal izateko. Barrenak aukera emango digu indar handiagoa izateko eta beste liga batean jokatzeko.
Zer berrikuntza ekarriko ditu Barrenak?
Orain arte elkarteetako lau hedabide izan garenak hemendik aurrera bakarra izango gara irabazi-asmorik gabeko kooperatiban. Egitura bakarra izango dugu eta batera funtzionatuko dugu.
Kanpora begira, herritarrek ikusiko dutena da marka bakarra, astekari bakarra eta webgune bakarra. Hemendik aurrera elkarrekin jasoko dute bere herriko informazioa eta gainerako herrietakoa ere bai, bailara osokoa.
Plazentziatarren kasuan, hilean behin herriko aldizkaria jasotzetik pasatuko gara astero herriko informazioa eta bailara osokoa jasotzera Barrena astekarian. Barrena.eus-en ere Soraluzek atal propioa izango du eta nahi duenak bertan jarraitu ahal izango du herriko aktualitatea. Horrez gain, beste herrietako informazioa ere eskainiko da: beste herrietako berriak, bailarako agenda, eskelak… Lehen hedabide bakoitzak bere herriko informazioa eskaintzen zien bere herritarrei eta orain Barrenak herri guztietako informazioa eskainiko die debabarrendar guztiei.
Zer ez da aldatuko?
Aldatuko ez dena da gure lana, jarraituko dugulako Soraluzeko informazio lokala eta hiperlokala eskaintzen. Lantalde osoak jarraituko dugu Barrenan eta Ubanek Maderak segituko du herriko kazetari nagusi moduan. Egoitza ez da aldatuko, Soraluzeko Barrenaren erredakzioa egongo delako Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartearen bulego berean, gaur egun dagoen moduan.
Nola bizi duzue aldaketa?
Alde batetik dago halako aldaketa batek berarekin dakarren kezka eta ardura. Aldaketek beti eskatzen dute lan eta esfortzu gehigarri bat eta honek ere badakar, noski. Gainera, ia hogeita hamar urteko ibilbidea egin duen hedabidea aldatzeak pena eta nostalgia ere eragiten du, noski. Baina urte asko daroagu proiektu hau lantzen eta gauzatzeko ordua ailegatu dela ikusteak ilusio handia ematen digu. Komunikazio proiektu sendoagoa egin eta herritarrei euskarazko kazetaritza eduki gehiago eta hobeak eskaintzeko ilusioa. Bizi dugun garai nahasiotan, tokiko kazetaritzak oso funtzio garrantzitsua jokatuko du eta euskarazko tokiko kazetaritzak pisu handiagoa izateko pausoak ematen dihardugula jakiteak asko motibatzen gaitu.
Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartea desagertu egingo da?
Ez. Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak herrian euskara biziberritzeko proiektuak lantzen jarraituko du: Kukumixo aisialdi taldea, harrera planak, urteko kultur ekimenak… Gainera, Barrena proiektuaren parte izango da gainerako hiru euskara elkarteekin batera kooperatibaren jabetza nagusia izango duelako.
Orain arte Pil-pilean aldizkariak eta Plaentxia.eus-ek argitaratu duten informazioa kontsultatu ahalko da?
Bai, noski. Aldizkari guztiak Barrena.eus-eko hemerotekan kontsultatu ahalko dira eta fisikoki udal-liburutegian ere bai. Eduki digitalak berriz Barrena.eus-era traspasatuko dira eta bertan izango dira ikusgai.