Abenduaren 19tik aurrera Barrena astekaria eta Barrena.eus webgunea kalean

Erredakzioa 2025eko abenduaren 7a

Aurkezpenera hurreratu ziren herritarrak Barrena astekariaren zero alea eskutan.

Eguaztenean Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak Barrena komunikazio proiektua aurkeztu zuen Kalebarreneko lokalean, hainbat herritarren artean. Tartean ziren Pil-pilean aldizkariaren sortzaile, zutabegile, kolaboratzaile, udal ordezkari eta hainbat euskaltzale. 

Aurkezpenak ordubete iraun zuen eta bertan, Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteko koordinatzaile Arianne Unamunok, elkarteko eta Barrena kooperatibako Lehendakari den Gaizka Azkaratek eta udaleko euskara zinegotzi Iker Uzinek euren eskerrona eta poza adierazi zuten bailarako hedabideak abenduaren 19an argia ikusiko duelako, egun horretan kaleratuko baitira Barrena astekaria eta Barrena.eus webgunea, Soraluzeren kasuan, 29 urtez Soraluzeko aktualitatearen berri eman duten Pil-pilean aldizkaria eta Plaentxia.eus webgunea ordezkatuko dituzte. 
 

Bailara osoko informazioa euskaraz

Ondoren, Pil-pilean Herri Komunikabideko kazetari eta Barrena proiektuaren bultzatzaile den Egoitz Unamunok bailarako hedabidearen berri eman zuen. Azaldu zuenez, bailarako hedabidearen helburu nagusia da "eskualdean erreferente izango den komunikabide bat sortzea, zabala eta sendoa, izango duena gaitasuna gaur eguneko euskarrietara egokitzeko eta eskainiko diena debabarrendar guztiei bailara osoko informazioa euskaraz paperean eta digitalean". "Debababarrendar guztiok dugu eskubidea jasotzeko euskaraz ondoko herrietako berri eta Barrenak horixe eskainiko du Debabarrenean, lehen aldiz euskaraz", azpimarratu zuen.
 
Unamunok berretsi zuen Barrena Komunikazio Taldeak eskualde osoko hedabide izateko bokazioa duela eta datozen hilabeteetan ahalegin guztiak egingo dituztela elkarlana bideratzeko bailarako ahalik eta eragile gehienekin. Bide horretan, jakinarazi zuen Barrenak lankidetza hitzarmena sinatu berri duela Eibarko Arrate Irratiarekin eta ondorioz, irratiko audiorik esanguratsuenak ere Barrena.eus webgunean entzun ahalko direla.   
 

Soraluzeko informazioak tarte esanguratsua

Soraluzeri dagokionez, Barrena astekariaren zero alea eskutan, Unamunok aurreratu zuen herriko informazioak leku esanguratsua izango duela astekarian zein webgunean eta jarraituko dutela jarraipen handia egiten herriko aktualitateari. "Orain arte hilean behin argitaratzen genuen aldizkariaren partez, hemendik aurrera eduki bikoitza eskainiko duen astekaria argitaratuko dugu eta webgunean Soraluzek leku propioa izango du bere albiste, agenda, zorion-agur, eskela eta informazio propioa eskainiz", zehaztu zuen. Iragarri zuenez, lehenengo asteetan astekaria herriko etxe guztietan banatuko da baina hilabete batzuk barru, astekaria etxean jaso nahi duten herritarrek harpidedun egin beharko dute etxean jasotzen jarraitzeko. Horretarako nahikoa izango da oinarrizko datuak ematea: izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta emaila.   
 

Gobernantza publiko-soziala

Azaldu zuenez, Ermuko, Soraluzeko, Elgoibarko eta Debako euskara elkarteen artean sortu dute Barrena Komunikazioa Koop. S., irabazi asmorik gabeko kontsumo kooperatiba soziala, eta jabetza nagusia bazkide erabiltzaileena (euskara elkarteena) izango den arren, asmoa dute kooperatibaren gobernantzara beste bi hanka gehitzeko: langileak eta udalak. Hala, 2026an langileak kooperatibako lan-bazkide egingo dira eta udalak ere gonbidatuko dituzte kooperatiban parte hartzera, bazkide laguntzaile figuraren bitartez. Izan ere Barrena izaera publiko-sozialeko kooperatiba izango da. 
 

Barrenakide egiteko aukera

Amaitzeko, Unamunok azaldu zuenez, Barrenak hedabidearen komunitateko kide egiteko aukera eskainiko die herritarrei Barrenakide figuraren bitartez. Hala, herritarrek Barrenakide eginez aukera izango dute hedabideari lagundu eta aldi berean, hedabideak bere komunitateko kideei eskainiko dizkien abantailak eskuratzeko: premium zerbitzuak, deskontuak, zozketak... Hain zuzen, abenduaren 19tik aurrera, herritarrek aukera izango dute Barrenakide egiteko. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.