“Alegazio erraldoia" aurkeztu nahi dute Basalgoko zentral eolikoaren kontra

Ubane Madera Zangitu 2025eko azaroaren 30a

Basalgoko zentral eolikoaren fotomuntaia.

Bihar, astelehena, hitzordua jarri dute Basalgoko zentral eolikoaren kontra batzarra egiteko, 18:30ean, Gaztetxean. Deitzaileek iragarri dutenez, Soraluzen aurkeztuko den alegazio erraldoia landuko dute. Inguruan ere ari dira proiektu horren kontra mobilizatzen. Eibarko Mendiak Bizirik taldeak, esaterako, kontrako 1.100 sinadura batu ditu dagoeneko.

Soraluzen, herritarrak hasi dira mugitzen Basalgoko zentral eolikoaren kontra. Lehen batzarra egin zuten, eta bertan izan ziren proiektuak eragingo dien zenbait lur-jabe, zenbat baserritar, Baso Biziak elkarteko ordezkariak, Unai Larreategi alkatea eta proiektuarekiko kezka duten zenbait herritar.

Besteak beste, jakinarazi zuten inguruko udalek zein lur-jabeek alegazioak aurkeztuko dituztela eta nahi dutela herritarrak ere horretara animatu. Eta ildo horretan, biharko, abenduak 1 egin dute hurrengo hitzordua eta bertan hasiko dira “alegazio erraldoia” prestatzen.

200 metroko altuera

Inpaktu handiko makroproiektua aurkeztu du Madrilen eta Sevillan egoitza duen Arena Power enpresak. Nahi dituzte sei aerosorgailu jarri Soraluzeko, Bergarako eta Eibarko lurretan, bat Soraluzeko Ilordo-Topinburu inguruetan. Haize-errota bakoitzak ia 200 metroko altuera hartuko du (Karakateko antena hiru bider). Izan ere, dorrea 112 metro altu izango da, errotorearen diametroa 175 metrokoa, eta, 85,7 metroko hiru pala izango ditu. Konparazioa egite aldera, Oiz mendiko aerosorgailuak 60 metro altu dira. 

Transformadorea, linea berriak…

Horrekin batera, zentral eolikoarekin lotutako bestelako azpiegitura handi batzuk ere eraiki nahi dituzte, hainbat Soraluzeko lurretan. Adibidez, Irureko Iraolabeitia baserritik 35 metrora zentro bat eraiki nahi dute, etxe baten tamainako eraikina. Horrez aparte, zentral eolikoan sortutako argindarra Elgoibarko azpiestaziora garraiatzeko tentsio ertaineko linea bat eraiki nahi dute, AP1 autobidearen gainetik pasatu eta Ezozi auzora ailegatuaz. Ondorioz, Ezozin ere eraiki nahi dituzte azpiegiturak. 

Errepidea eta plataformak

Bestalde, aerosorgailuak mendira igotzeko eta haiek mendian ipintzeko ere obra handia iragarri dute. Batetik, aurkeztutako dokumentuetan jasota dago gutxienez sei metro zabal den errepidea beharko dela aerosorgailuen elementuak igotzeko eta, errepide horren errebuelten radioa izan behar dela 65 metro baino gehiagokoa. Dago jasota ere, Elgetan eta Azurtzan saihesbide bana egingo dutela materiala mendira igotzeko. Bestetik, aerosorgailuendako plataformak ere eraiki beharko dituzte mendian, aerosorgailu bakoitzeko 24 metroko diametrodun zapata. Horrek guztiak mendiko faunari, landareei eta zuhaitzei eragingo die; adibidez, jasota dago 12.000 zuhaitz kenduko dituztela. Eta eragingo die ere akuiferoei. 

Zentral eolikoak 30 urteko erabilera izango luke. Behin epe hori bukatuta, aerosorgailuak desmuntatu egingo lituzkete, ez, ordea eraikitako beste azpiegitura guztiak, plataformak, errepideak… 

Alegazioak, sinadura bilketak…

Basalgoko makroproiektua urritik dago argitaratuta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Orain, alegazio fasean dago. Besteak beste, Eibarko, Soraluzeko eta Bergarako Udalek batera aurkeztuko dizkiote alegazioak, Unai Larreategi alkateak esan duenez. Abenduaren 22ra arteko epea dute eta alegazioak lantzeko aditua den aholkularitza kontratatuko dute. Elgetako Udalak ere iragarri ditu alegazioak. 

Txikizio handiegia

Larreategi alkateak esplikatu zuenez, Eibarko, Bergarako eta Soraluzeko Udalen irakurketaren arabera, Basalgoko makroproiektuak txikizio handiegia eragingo luke sortuko duen balizko onurarekin alderatuta. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.