Emakumeengan iparra jarriz, atzoko elkarretaratzean esan zuten, besteak beste, “EAJk eta PSEk HELaren, Herri Ekimen Legegilearen tramitazioari emandako ezetzaren” ondorioz, “EAEn 66.000 emakume pentsiodunek miseriazko pentsioekin jarraituko” dutela, “1.184 €ren azpitik”. Iragarri zutenez, abenduaren 2an mobilizazioa egingo dute Bilbon egoera hori salatzeko.
Halaber, horrekin batera, zaintzen gaia ere izan zuten hizpide, “guztiontzako kalitatezko zaintza-sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoa” aldarrikatuz.
Mobilizatzearen garrantzia
Gaurko egunari begira jarrita, berriz, egingo diren mobilizazioetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu zuten, esanez, “etengabe entzuten jarraitzen” dugula “indarkeria matxistaren adierazpenik larriena den emakumeen erailketak, gehienetan beren bikotekideen edo inguruko gizonen eskutik” etortzen direla, “edo emakumeen eskubideen aurkako diskurtso atzerakoi edo ukatzaileak” gero eta gehiago entzuten direla.