Palestinar errefuxiatuen elkartearendako diru bilketa egingo dute arte erakusketa bitartez

Ubane Madera Zangitu 2025eko azaroaren 14a

Juan Manuel Arruabarrena margolari soraluzetarrak eta Fernando Biderbost margolari bilbotarrak Palestinaren aldeko erakusketa inauguratuko dute datorren astean Bilbon, Palestina askatu! leloarekin. Euskal Herriko 52 artistaren obrekin osatuko dute berau, batzuk aipatzearren, Iñigo Arregi, Zumeta, Eulate, Ricardo Azkargorta, Udane Juaristi… Artelanen salmentarekin lortzen duten dirua UNRWAri, palestinar errefuxiatuen elkarteari emango diote. Azaroaren 19an inauguratu eta abenduaren 19ra arte izango da kusgai. Soraluzetar guztiak gonbidatu dituzte bertaratzera.

Margolanak, zenbait grabatu, eskulturak… oparoa izango da datorren astean Bilbon inauguratuko duten elkartasunezko arte erakusketa. Juan Manuel Arruabarrena soraluzetar margolariak bertan duen Arruarte izeneko espazioan -Santiago Brouard, 5- egokituko dute, berak eta Biderbost margolari bilbotarrak.

52 euskal artista entzutetsuk emandako obrekin osatuko dute erakusketa -behean izen guztiak-. “Formatu txikiko obra izango da, gehienak margolanak, baina grabaturen bat, eskulturaren bat… ere izango dira. Baita ere Eulateren, Arantzazuko bidrierak egin zituen artistaren marrazkiren bat”, kontatu du Arruabarrenak.

Azaroaren 19an, 19:00etan inauguratu eta abenduaren 19ra arte izango da zabalik, astelehenetik barikura 12:00etatik 14:00etara eta 18.00etatik 20:00etara. Obren salmentarekin batutako dirua UNRWAri, palestinar errefuxiatuen elkarteari emango diote. “Biderbosten eta bion artean behin gaiari buruz berbetan ari ginela, zerbait egin beharra zegoela pentsatu eta erakusketa antolatzen hasi ginen”, esplikatu du margolari soraluzetarrak.

Artista entzutetsuak

Erakusketan parte hartu duten artistak: Xabier Agirre – Veva Linaza – Begoña Irazábal – Ricardo Azkagorta – Efrén – Josu Euba Fernando Roscubas – Daniel Tamayo – Karlos Pellitero – Aurora Suárez – Carmelo Camacho – Txuspo PoyoKeixeta – Mar Seco – Erramun Mendibelanda – Aitor Etxeberría – Juan José Altuna – Iñaki de la FuenteFernando Biderbost – Jessica Llorente – Carlos Baudilio – Iñaki Elosua – Moriah De Zen – Udane Juaristi– Eva Esteban – Aitor Sarasqueta – Iñigo Arregi – Ismael Iglesias – Vicente Roscubas – Josué Pena–Joaquín Lara – Carmen Palomero – Bingen de Pedro – Sergio Ortega – Baroja Collet – Ramón Pérez– Alberto Ramírez – José Luis Zumeta – Xabier Eulate – Raúl Aientsa – Ezkerra – Ricardo Iriarte – Juan Ayesta–Antón Hurtado – Felipe Uríbarri – Sonia Rueda – Blanca Arsuaga – Juan Manuel Arruabarrena–Porrilló – Mariemi Otaola – Leire Sáinz de Aja – Víctor Arrizabalaga.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.