Datozen egunotan hasiko dira Baltegietako bigarren zatiko galtzada-harriak kentzen

Ubane Madera Zangitu 2025eko azaroaren 12a

Egunotan, Baltegietako obretan, URAk-en hoditeria berriaren juntura lanak egiten ari dira, SAPAko autobus geltoki inguruan. Behin lan horiek bukatuta, hormigoiz estaliko dute zorua eta gero, haren gainean hasiko dira galtzada-harriak berriro ere jartzen. Lanen azken zati hori, galtzada-harriak jartzearena, kalearen osotasunean batera egin behar dute. Hori egin ahal izateko, datozen egunotan hasiko dira Baltegietako goiko parteko galtzada-harriak kentzen.

Aurrera doaz Baltegietako kalea berritzeko lanak. Echaide enpresako obra-buru Alvaro Garciak esandakoaren arabera, uste baino gehiago altxatu behar izan dute galtzadapea, baina dagoeneko saneatu dute zubi berritik errepiderainoko tartea.

Emandako xehetasunen arabera, egunotan, URA Agentziak aldatu duen hoditeriarekin lotutako lanak bukatzen ari dira. Hain justu, SAPAko autobus geltoki inguruko espaloian juntura lanak egiten ari dira. Behin horiek bukatuta, hormigoiz estaliko dute zorua, gero haren gainean berriro ere galtzada-harriak jarri ahal izateko.

Laster, lehen zatian

Garcia obra-buruak esplikatu duenez, hori egin aurretik, kalearen lehen zatiko galtzada-harriak kendu eta hango zoru zatia saneatuko dute. Han ere hormigoia botako dute gero, eta, kale osoa gertu dagoenean,  batera jarriko dituzte galtzada-harri guztiak berriro ere, kale osoan, 650 bat metro karratu da kale zati hori.

Hori horrela, Garciak jakinarazi du datozen egunotan hasiko direla falta den kale zatiaren galtzada-harriak kentzen. Eguna zehaztean, jakinaraziko diete hango garajedunei, hormigoia bota bitartean, ezin izango baitituzte autoak sartu edo atera garajeetatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.