Dolmenen Ibilbidea, zuhaitz landaketa eta swing dantzaldia domekan, Blues Hotsak Jaialdia hasteko

Ubane Madera Zangitu 2025eko azaroaren 12a

Domeka honetan, goiz-eguerdi betea dago Soraluzen 2025eko Blues Hotsak Jaialdiaren hasieraren eskutik. Batetik, Dolmemen Ibilbidera bisita giatua izango da eta talde erdia bete da dagoeneko -oraindik eman daiteke izena-. Bestetik, goiz partean ere, hitzordua dago Topinburun zuhaitz landaketa egiteko. Eta hori guztia borobiltzeko, 13:00etan, plazan, Arrasateko Erromintxelak taldearekin swing-aren erritmora dantzatzeko aukera izango da.

Iaz moduan, bluesaren izarrekin antzokiak bete aurreko asteburuan, mendian hasiko da 2025ko Blues Hotsak Jaialdia, domeka honetan.

Hitzordu bikoitza antolatu dute horretarako. Batetik, Dolmenen Ibilbidera doako bisita gidatua egingo dute, Begibistan enpresako gidariak gidatuta. 09:30ean, Karakatetik abiatu eta Irukurutzetara joan-etorria egingo dute, bidean dauden balio arkeologiko handiko guneen eta elementuen gaineko azalpenak emanez.

Amaieran hamaiketakoa

25 laguneko taldeak parte hartu ahal izango du bertan eta gaur, eguaztena, 12 lagunek emanda zuen izena. Hala ere, oraindik bada izena emateko aukera. Horretarako HEMEN KLIKATUTA dagoen formularioa bete beharra dago. Debegesako Turismo Bulegotik esandakoaren arabera, izena eman dutenek barikuan jasoko dute konfirmazioa. Gaineratu dute komeni dela ibilbidera jantzi aproposak eta ura eramatea. Behin bisita amaituta, hamaiketakoa eskainiko da parte hartzaileentzat Plaza Zaharreko karpan.

Zuhaitz landaketa

Bestetik, Baso Biziak elkartearen eta Lurgaia Fundazioaren gidaritzapean, denboraldiko lehen zuhaitz landaketa egingo dute. Gaztanondon (Sagar Erreka) egingo dute; domekan, azaroaren 16an, 09:30ean abiatuko dira Gol lantegiko aparkalekutik. Izena biharko, azaroaren 13rako eman beharra dago, mezua bidalita honako helbidera: soraluzekobasobiziak@gmail.com

Domekakoa borobiltzeko, 13:00etan, kontzertu-dantzaldia izango da plazan, Arrasateko Erromintxelak swing taldearen eskutik.

Swing-a goi mailako musikarien eskutik

Maila altuko eta eskarmentu luzeko musikariak dituen taldea da Erromintxelak. Jon Garcia (De Val, Tatta-Denso) ahots eta gitarrarekin, Iñigo Zubizarreta (Soziedad Alkoholica, Governors, Tako) manux gitarrarekin, Jokin Vitoria (Los Galerna, Ze Esatek!, Arima Soul) bateriarekin, asanboardekin eta perkusioarekin, Aitor Moreno (EIJO, Spolem Girls, Los Galerna) kontrabaxuarekin, Daniel Apodaka biolinarekin eta Andoni Aizpuru (Crazy Jazzers eta Div@s of Soul) saxo tenorrarekin.

Bideoan ikusten den moduan, swing musika interpretatzen dute maisuki, euskarara ekarri dute hura eta dantzari ere gogotik ematen diote taula gainean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.