Udal eta Foru Hauteskundeak (2023)

Hautagai sozialistek larrosak banatu dizkiete herritarrei

Ubane Madera Zangitu 2023ko mai. 19a, 10:39

Atzo, eguena, alderdi sozialistako ordezkariak Soraluzen izan ziren hauteskunde programa herritarrei zuzenean helarazi eta haiekin berba eginez. Besteak beste, Patricia Borinaga alkategai sozialista eta sozialisten zerrenda ixten duen Sole del Bosquek jardun zuten sozialisten tradiziozko arrosak banatzen.

Atzo banatutako esku-orrietan, Soraluzeko alderdi sozialistak programa bi zatitan banatu zuen. Batetik, “soilik Udalaren mende dauden konpromisoen” berri emanez eta bestetik, “Soraluzeren etorkizunerako garrantzi handikoak diren baina gauzatzeko beste erakunde batzuen inplikazio ekonomikoa behar duten proiektuak”. 

Udalaz gaindikoak

Azken horien artean, besteak beste, nabarmendu ditu honakoak: Olaldea eta SAPAko eremuak berroneratzea, Maltzaga-Soraluze bidegorriaren tartea gauzatzea; eremu degradatuak eta birgaitze integraleko eremuak birgaitzea eta berroneratzea; Mendiola industrialderako sarbidea eta G-627 errepidetik udalerrirako sarbidea hobetzea, langabeziari aurre egitea, garraio publikoaren konexioak hobetzea eta besteak beste, erabiltzen ez diren industria-lurzoruen eta eraikinen berrerabilera sustatzea.

Udalaren baliabideekin

Udalak egin ahal dituenen artean, berriz, honakoak nabarmendu ditu: irisgarritasun plana eguneratzea, herria zaindu eta mantentzea, herri-garbiketa hobetzea, tokiko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko jarduerak bultzatzea eta Gazteen Mahaia sortzea udalerriko gazteen proposmenak bideratzeko.

Patricia Borinaga alkategaiarekin eta Sole del Bosque zerrendakidearekin batera, Soraluzen izan ziren, baita ere, Alberto Albistegi Deba-Urola barrutiko hautagaia eta Guillermo Echenique.