Soraluzetarren artean ere kezka-iturri bihurtu da airearen kalitatea

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 18a, 18:45

Soraluzetar asko kezkatuta daude Zaldibartik etor litekeen airearen kalitatearekin. Esaterako, atzo Plaentxia.eus-ek abiatu zuen inkestan, 211 erantzunetatik 188k (%89) adierazi dute kezkatuta daudela. 

Azken egunotan, Zaldibarko gertakaria eta harek ekarri dituen ondorioak berbetarako gai nagusia izan dira soraluzetar askoren artean. Gaia bolo-bolo dabil sare sozialetan, eta baita kalean ere.

Horren harira, alkateak, jakinarazi zuen asteburuan Debabarreneko Osakidetzako arduradunarekin hitz egin zuela eta gomendioak Zaldibar, Ermua eta Eibarrera mugatzen zirela. Harrezkero Udalak ez du adierazpen gehiago egin. 

Bestalde, goizean, Jaurlaritzak, Nekane Murga Osasun sailburuaren ahotik adierazi du orain arteko neurriak "prebentziozkoak" izan direla eta ez dagoela "alerta egoerarik" eta "dioxinen eta furanoen balio altuen eraginpean egoteak" ez dakarrela "osasunerako arriskurik".

Jaurlaritzak esan du barazkiak kontsumi daitezkeela

Gaur goizean Euskal Autonomia Elkarteko baserritarren inguruko hainbat elkartek azalpenak eskatu dituzte azken egunotan Zaldibarko mahai teknikoak barazkiak ez jateko zabaldu zuen ohartarazpenaren inguruan. Horren harira, gaur eguerdian, Jaurlaritzako Elika Fundazioak jakinarazi du Eitzagako lurretan ez dela arrasto toxikorik agertu eta beraz, barazkiak arriskurik barik kontsumi daitezkeela.  

 

Erlazionatuak