Bosgarren Asturiasen, keniarren atzetik

Ubane Madera 2019ko eka. 18a, 13:08

“Oso pozik bukatu nuen 5. postua lortuta, 4 keniatarren atzetik”, adierazi du Jokin Muñozek domekan Langreoko (Asturias) maratoi erdia korritu eta gero. 

Irabazlearengandik (Stanley Kiprotich Bell keniatarra) bederatzi minututara helmugaratuta, bosgarren sailkatu zen Jokin Muñoz korrikalaria domekan, Langreoko maratoi erdian.

1:13:17-ko denbora egin zuen soraluzetarrak, eta oso pozik dago erdietsitakoarekin: “Hemen inguruko maratoi erdien egutegian ez zegoen ezer eta Asturiasera joan nintzen Langreoko maratoi erdia egitera. Nire asmoa zen marka ona lortzea. Hasieratik, banekien lehen mailako korrikalariek parte hartzen duten lasterketa zela. Karrerako lehenengo zatia oso ondo joan zen eta beste korrikalari batekin erritmo onean korrika egin genuen, baina ibilbideko bigarren zatia pixka bat 'ratonerua' zen, aldapa inportanterik gabekoa, eta gora-behera eta kurba askoduna. Erritmoa ez zen lehenengo zatian bezain azkarra izan eta nahi nuena baino marka txarragoa lortu nuen. Baina ibilbidea zelako zen ikusita, marka oso ona da eta oso pozik bukatu nuen 5. postua lortuta, 4 keniatarren atzetik”.

Hurrengoa Araban

Bi aste barru izan behar zuen hurrengo hitzordua Mulozek, Arabar Errioxan, maratoi erdia. Baina gaur jakinarazi dute proba bertan behera utzi dutela.

Opor ostera arte agurtu aurretik, Jokin Muñozek eskerrak eman nahi dizkie etxekoei eta lagunei. “Baita animatzeko eta zoriontzeko tarte bat hartu duzuen denoi. Horrek indar asko ematen du. Eta, nola ez, babesa ematen didazuenei: Gogortuz fisioterapia zentroa, Fogasler, Konsport eta Infisport. Mila esker!!!”