Boluntarioak behar dira Euskal Jai Egunean dantzari txikiak etxeetan hartzeko

Erredakzioa 2019ko mai. 24a, 18:27
Dantzariak iazko Euskal Jai Egunean.

Ekainaren 2an, Haurren Euskal Jai eguna egingo da herrian eta 175 dantzari gazte etorriko dira herrira. Ohitura da egun horretan kanpotik datozen dantzariak etxeetan hartzea, bazkaltzen emateko. Aurten, ohikoa baino 30 ume gehiago etorriko dira eta Euskal Jai Batzordeak laguntza eskatu die herritarrei etxeetan umeak har ditzaten.

Ekainaren 2an, Antzuola, Aretxabaleta, Oñati eta Arrasateko 175 dantzari gazte etorriko dira herrira eta eurekin batera, 40ren bat heldu -dantza irakasle eta txistulariak-. Egun osoko jaia izango da eta tartean, bazkaritarako tartea,13:30etik 17:00etara bitartean. 

Hain zuzen, dantzari txikiei bazkaltzen emateko laguntza eskatu du Euskal Jai Batzordeak: “Dantza taldeko umeen guraso guztiek hartzen dituzte etxean dantzariak, baina aurten 30 dantzari gehiago datoz eta laguntza behar dugu horiek bideratzeko. Urte luzez, ohitura izan da umeak etxeetan hartzea eta gure nahia da ohitura horrekin jarraitu eta indartzea. Ez da lan handia eta oso polita da dantzariak etxean hartzea. Horregatik, animatu nahi ditugu herritarrak izena eman eta dantzariak etxean har ditzaten, esaterako, bi edo hiru”. 

Euskal Jai Batzordeari lagundu nahi izanez gero, Iratxo goxodendan eman behar da izena. 

Euskal Jai Batzordeak eskerrak eman nahi dizkie izena ematen duten herritarrei.