Justiziaren konplizitatea salatu dute elkarretaratzea amaitzean

Ubane Madera 2019ko urt. 21a, 20:34

Orain dela 20 egun Soraluzen ikusi zen irudi berbera errepikatu da gaur iluntzean Plaza Berrian: 200 bat lagun isilik, biolentzia matxista ozen gaitzetsiz. Amaieran salatu dute erasoa jasan zuen emakumeak urruntze agindua lortu arren, jakinekoa dela “horrek zer gutxi balio duen errealitatean” eta salatu dute ere, “adin-txikikoa babes gabe utzi” dutela.

Eraso matxistaren egileari urruntze agindua ezarri dio epaileak gaur goizean egindako epaiketa azkarrean, baina horrekin batera, onartu egin dio umea ikusteko aukera. Bada sententzia hori jakinarazita eta hain justu, sententzia bera salatuta bukatu dute iluntzean Soraluzeko azken eraso matxista salatzeko elkarretaratzea, 200 lagunetik gertuk babestutakoa.

"Sistema judizialaren laguntza"

Korner Morea elkarte transfeministak justiziaren konplizitatea salatu du, esanez, “biolentzia matxistak atzera ere gogor kolpatu” duela, zoritxarrez, “sistema judizialaren laguntza guztiarekin”. Hori salatzeko jakinarazi dute emakumeak urruntze agindua lortu arren, jakinekoa dela “neurri honek zer gutxi balio duen errealitatean. Gainera, adin-txikikoa babes gabe utzi dute erasotzaileari txikiarekin egoteko eskubidea eman diote-eta”.

Horrekin batera, halako eta antzeko edozein gertakari salatzera kalera irteteko asmo irmoa berretsi dute. “Ya ez gara etxean geratuko, plazara irtengo gara behin eta berriz, gaur bezala, zurekin gaude”.   Txalo artean bukatu da protesta ekimena.