Euskaraz gozatzeko deia Euskaraldiaren hasierako ekitaldian

Egoitz Unamuno 2018ko aza. 26a, 09:04

Jende asko batu zen barikuan Euskaradiaren hasierako ekitaldira. Musika eta dantzarekin batera, hamaika egunetako ariketa egiteko aholkuak eman zituzten.   

Ekitaldi koloretsua izan zen. Haiseran, ume eta gurasoek dantza egin zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsen kantarekin, eta, ostean, hamaikakoko zenbait kidek Euskaraldiarekiko duten ikuspegiaren berri eman zuten, hamaika egunetarako aholku zenbait ematearekin batera. Ondoren, talde sustatzaileei zuzendutako eskerrona etorri zen, talde bakoitzeko ordezkari bat tablatura igota. Amaitzeko, abesbatzako kideen laguntzarekin, Euskaraldiko koplak abestu zituzten Bob Dylanen doinuan. 

Herritar asko hurreratu zen ekitaldira, eta giro berezia bizi izan zen. Askok, gainera, ekitaldian jantzi zuten txapa, ariketa momentu horretan hasten zela pentsatuta. 

Kafia eta berbia ekimenaren berri ere eman zuten, herritarrei bertan parte hartzeko dei eginez. Eguaztenean izango da, arratsaldeko 17:30etik aurrera, Plaza Barrixan (eguraldi txarra bada, Kontzejupean). Bertan, tertulia kolektiboa egingo dute, orain arte Euskaraldian izandako bizipenen berri emateko.  

Txapak eskuratzeko bidea

Oraindik txapa eskuratu barik dauden herritarrek, goizean (9:00-14:00) udaletxera, edo arratsaldean (16:00-18:30) Pil-pileanen bulegora joanda jaso ahalko dituzte txapak. Izena emateko, berriz, Euskaraldiaren webgunean bakarrik dago aukera, azaroaren 27ra arte.   

 

 

Erlazionatuak