Gipuzkoako txapelketako final-erdirako txartela jokoan, bihar Soraluzen

Ubane Madera 2018ko urr. 20a, 12:43
Oñate eta Fernandez atzo, barikua, pala txapelketan.

Etxeko pilotariek galdu egin zituzten atzo, barikua, Soraluzeko kiroldegian jokatutako partiduak: Ane Fidalgok eskuz banakakoa eta Oñatek eta Fernandezek gomazko paletako hirugarren mailakoa, hurrenez hurren. Bihar, berriz, beste hitzordu bat daukate Atxotegi eta Balerdi soraluzetarrek etxean, garrantzitsua, gainera: Gipuzkoako Txapelketako final-erdietarako sailkapena.  19:00etan hasiko da partidua.

Urduri eta estrainekoz jokatu zuen atzo, barikua, Ane Fidalgo Ezenarrok eskuz banakako alebin mailako partidua, Debako jokalariaren kontra. Urduritasuna gailendu eta galdu egin zuen soraluzetarrak.



Haien ondoren gomazko paletako hirugarren mailako partidua jokatu zuten Oñatek eta Fernandezek Tolosako bikotearen kontra; eta mutilek ere galdu egin zuten, 14 eta 25.

Bestalde, Gallastegik eta Etxeberriak ere izan zuten hitzordua gomazko paletako bigarren mailan, Hernanin. Soraluzeko bikotea, baina, dagoeneko sailkatuta dago Gipuzkoako Txapelketan final-laurdenak jokatzeko.  

Final-erdirako txartela

Gipuzkoako Txapelketako eskuz binakako final-erdietarako txartela izango dute jokoan, berriz, Aitor Atxotegik eta Manex Balerdik.

Soraluzeko pilotariek bihar, domeka, jokatuko dute partidua Urbietak eta Urruzolak osatutako bikotearen kontra. 19:00etan hasiko da lehia, Arane kiroldegian.