plaentxia.eus

Hirukurutzetako biribilguneko lanak amaituta

  Gizartea

Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkarien eta Soraluzeko Udaleko ordezkarien bisitarekin, amaitutzat eman dituzte Hirukurutzetako biribilgune berriko lanak. Bisita baliatuz, Aintzane Oiarbidek, Bide Azpiegituretako diputatuak jakinarazi du datorren futbol denboraldia hasi aurretik futbol zelairako bidea argiztatuko dutela eta Irure auzoko uren arazoari buruz galdetuta, berriz, adierazi du epaiaren zain daudela.

Hirukurutzetako biribilguneko lanak amaituta
Soraluzeko Udaleko eta Gipuzkoako Diputazioko ordezkariak gaur goizean. | Ikusi handiago | Argazki originala

“Alkatea eta biok eta diputatu nagusia ekainaren 21ean hemen egon ginen, eta hitza eman genuen biribilgunearen obrarekin hastekoak ginela, eta gaur ya errealitatea da biribilgune hau. Pixka bat atzeratu zaigu obra, indusketa egiterakoan neurri gehiago hartu behar izan ditugulako eusteko, baina hilabete eta erdiko atzerapenarekin bukatuta dago. Hemendik aurrera, espero Soraluzeko bizilagunei biribilgune honek mesede egitea, hegoaldeko sarrera hobetzea, batez ere segurtasuna bermatzen duelako. Zubian dagoen stop hori kendu egingo dugu, udalerrirako sarrera guztiak biribilgunearen bitartez egitea bideratzeko”.  

Halaxe adierazi du goizean Aintzane Oiarbidek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak bukatu berri duten Hirukurutzetako biribilgunea ikustera egindako bisitan. 

Segurtasuna

Harekin batera, izan dira, besteak beste, Diputazioko Bide Azpiegituretako Kudeaketako eta Plangintzako zuzendari Mikel Uribetxeberria; Iker Aldazabal Soraluzeko alkatea; Ramon Gallastegi (EAJ) eta Patricia Borinaga (PSE-EE) Soraluzeko Udal gobernukideak eta Lorea de Castro oposizioko ordezkaria (EH Bildu). 

Hala, Soraluzeko Udal Gobernuaren izenean, Iker Aldazabal alkateak eskerrak eman dizkie Diputazioko ordezkariei “hartutako konpromisoa” gauzatzeagatik. “Azken batean segurtasuna bermatzeko azpiegitura beharrezkoa da Soraluzerentzat, eta poztekoa da lanak bukatuta egotea eta errepidea martxan”, adierazi du.

Futbol zelairako farolak

Horrekin batera, bisita baliatuta, Bide Azpiegituretako diputatuak jakinarazi du ekainaren 21eko hartan iragarri zuten moduan, futbol zelairako bidean kale-argiak ipintzeko proiektua ere martxan dutela: “Hurrengo irailerako bertan izango dira kale-argiak LED argiteriarekin eta eguzki-plakekin elikatuta, efizientzia energetikoaren filosofiari eutsita”, gaineratu du. 

Zentzu horretan Aldazabal alkateak adierazi du “notizia pozgarria” dela hori, bereziki, “gure gaztetxoen joan-etorrian haien segurtasuna bermatzeko irailean martxan izango direlako kale-argiak, hurrengo denboraldirako, eta zentzu horretan ere eskerrak eman nahi ditut, emandako hitza bete dutelako”.

Irureko urak

Bestalde, kazetarien galderei erantzunez, Irure auzoko uren gaineko auzia epaitegietan dagoela eta epaiaren zain daudela adierazi du Oiarbide diputatuak. Eta gaineratu du “lur-jabeek eta enpresak” auzia konpontzen ez badute, eurek pentsatu beharko dutela zerbait: “Lur pribatuak dira; autobidea egin zenean eraikuntzako enpresak hondakindegi modura erabili zituen lur batzuk pribatuak dira eta gaia auzitegian egon da orain arte. Orain espero dugu notiziak egotea, baina bai ala bai horri irtenbidea eman behar zaio. Eman behar dionak ez badio irtenbidea ematen, hau da, lur-jabeek eta enpresek, guk pentsatu beharko dugu zerbait. Baina esan bezala, auzitegitik epaia iritsi arte ezin dugu ezer egin. Uste dut epaia hilabete barru-edo iritsiko dela, eta orduan planteatuko dugula zein izango den behin betiko irtenbidea edo soluzioa”. 

Atzo urak gainezka, Iruren 

Gogoan izan beharra dago justu atzo, eguaztena, Soraluzeko Udaleko oposizioko koalizioa den EH Bilduk Irureko uren gaia mahai gainean jarri zuela, komunikabideak baliatuta. Besteak beste, Diputazioari “exijitzen” diote “bere hitza bete dezan eta ezer larririk gertatu aurretik autopistako ur kanalizazioen egoera eskasak Irureko auzoan sortzen dituen arazoei aurre egin diezaion, obrak behingoz bukatuta”. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa