Mandoak tiratutako etxe-karroarekin Andaluziarantz

Egoitz Unamuno 2017ko abe. 7a, 20:06

Gaur eguerdian, ezusteko bisitariak heldu dira herrira: Samantha eta Pierrot, Les tètes de mule (mandazainak). Zubian geldialdi laburra egin eta Bergararantz jarraitu dute. Bideoa:Frantziska Iraolagoitia.

Frantziarrak dira Samantha Miedard eta Pierrot Coppa, 30 eta 27 urteko gazteak; Marsella ingurukoak. Duela hilabete batzuk atera ziren Bordelen eta Andaluaziara bidean doaz: “Lurralde hori eta bertako jendea ezagutu nahi ditugu, karroaren kultura aberatsa dutelako. Eta baita eguraldi ona egiten duelako ere!”, esan digu irribarretsu Samanthak.

Bidaia hau bidaia luzeago baten lehen zatia ei da. Aurretik, egina dute Marokotik Bordelera arteko bidea, zazpi hilabeteko joanaldian. Orduan ere, bidaia-lagun izan zituzten mandoa eta gurdia; orduko hartan, gurdia etxerik gabekoa eta bi gurpilekoa izan omen zen. Oraingoan, gurdi indartsuagoa bilatu dute eta egurrezko etxe-karroa ezarri ere bai, gainean.

Samantha eta Pierrotekin batera, bi mandok (Swing eta Guembri), zakurrak (Honek) eta katuak (Nesta) osatzen dute bidaia-taldea. Autoko bidaietan ez bezala, mandoek tiratutako karroan bidaiatzeak soseguz bidaiatzeko aukera ematen diela azaldu digu Samanthak: “Karroarekin bidaiatzeak natura sentitzeko eta jendearekin konektatzeko aukera ematen digu. Ederra da bidaiatuz beste kultura eta herrialde batzuetako jendea ezagutzea, gainerakoan, beti norbere etxe bueltan bizitzen gara eta”.  

Elgoibartik iritsi dira Soraluzera, aurrez Baiona, Irun, Zumaia, Zumarraga, Azpeitia eta Azkoitia pasatuta. Herrira heldu orduko, herritarrak inguratu zaizkie jakin-minez eta geldialditxoa egin dute zubian. Samanthak jendeari azalpenak ematen zizkion bitartean, Pierrotek gitarra atera eta kantatzeari ekin dio. Gitarraren estalkia zabaldu du lurrean, eta momentuan pasatu diren herritarren txanponak jaso dituzte bertan. Eskerrona erakutsiz jaso ere.

Zubiko geldialditxoa amaitu eta Bergararantz abiatu dira pauso azkarrean. Gasteizeraino iristea dute hurrengo helburua; handik Burgosera, eta Burgosetik Andaluziaraino iristeko, Santiago bidean barrena. Aurreikusi dutenaren arabera, bi hilabete inguru beharko dituzte Sevillara arteko bidea egiteko.  

 

Erlazionatuak

Mandazainen bisita argazkitan

Egoitz Unamuno 2017 abe 07 Soraluze

Mandazainei elkarrizketa (gazteleraz)

Frantziska Iraolagoitia 2017 abe 07 Soraluze