Muralak eta isunak berbetagai Zibismoaren ordenantza adosteko azken bileran

G.Azkarate 2017ko mar. 22a, 17:26
Joan zen egueneko bilera.

Joan zen eguenean egin zen Zibismoaren ordenantza adosteko azken bilera. Bertan hizpide izan zituzten eraikinen kanpoaldeko txukuntasuna eta ordenantzan arauak hausten direnerako aurreikusita dauden zigorrak. 

Mahaigaineratu zen lehen gaia, eraikin pribatuen jabeek bete beharreko garbiketa arauena izan zen. Ordenantzak dioenaren arabera,  eraikinak txukun eta garbi mantentzea jabeen ardura da, eta gogorarazten du, 2018ko abendua baino lehen, 50 urtetik gorako eraikinek azterketa teknikoa (ITE) pasatu beharko dutela. Alkateak jakinarazi zuen udaletxetik abisua bidaliko dutela 50 urtetik gorako etxebizitza guztietara.

Eraikin publikoetan publizitate-panelak jarri eta muralak egiteari buruz ere hitz egin zuten. Ordenantzak baimentzen du publizitatea jartzea soilik horretara bideratuta dauden espazioetan. Muraleri dagokionez, txostenean jasotzen da udaletxean baimena eskatu beharko dela, eraikin publiko baten edozein mural egin aurretik.

Bileraren bigarren zatian, aipatutako arauak ez betetzeak dakartzan abisu eta isunei buruz hitz egin zuten. Ordenantzak hiru motatako zigorrak jasotzen ditu: arinak, larriak eta oso larriak. Haren arabera, egileak ordaindu beharko ditu arauak ez betetzeak sorraraz ditzakeen gastu ekonomikoak.

Maiatzean, udalbatzarrera

Udal gobernuak jakinarazi zuen, Zibismoarean ordenantza maiatzeko udalbatzarrean bozkatzeko asmoa duela. Aurretik, dokumentua hirigintza, obra eta herriko mantentze-lanen batzordean landuko ei dute, orain arte egin dituzten lau bileretan herritarrengandik jaso diren proposamenekin batera. Udaltzainburuak azaldu zuenez, maiatzean ordenantza onartuko balitz, arauak kexak jaso ahala betearaziko dira, ez udaltzaingoaren ekimen propioz. Roke Akizu EH Bilduko zinegotziak herritarren aldetik jaso diren proposamenen zerrenda eskatu zuen. Horrekin batera, bere kezka adierazi zuen parte hartze prozesuan oso herritar gutxik parte hartu dutelako, eta udal gobernuari egotzi zion herritarrek parte har zezaten behar besteko ahaleginik egin ez izana.