Leteren poemei harpa joko dien emanaldia

E. Unamuno 2017ko ots. 1a, 09:40
Ane Artetxe, Amaia Irazabal eta Amaia Ruiz de Galarreta.

San Blas egunean, Xabier Leteren poemak oinarri hartuta, arpa-musikaz lagundutako irakurraldi dramatizatua eskainiko dute antzokian. Ane Artetxe harpistak, Amaia Ruiz de Galarretak eta Amaia Irazabal aktoreek hitzak, musika eta antzerkia uztartuko dituzte hiru ordu laurden inguru iraungo duen emanaldi laburrean.

Artetxek kontatu digunez, gustuko du arparekin inprobisatzea, aktoreek poemei ahotsa eta mugimendua ematen dioten bitartean eta zera azpimarratu du: “Gure helburua da publikoarengan bestelako sentsazioak sortzea”. Saioaren zatirik handiena Xabier Leteren poemekin osatuko dute, “euskal kulturaren erreferentzia nagusienetakoa delako” eta bere poemek “sekulako indarra” dutelako.

Emanaldiak iaz Durangoko Ahotsenearako prestatu zituzten testu-irakurraldietan du jatorria. Orduko hartan, hainbat idazle ezagunen testuak hartu zituzten lehengaitzat, jendaurrean musikatu eta interpretatzeko. Publikoaren aldetik jaso zuten harrera onak bultzatuta, erabaki dute orain, era honetako emanaldiak herriz-herri eskaintzen hastea, eta ibilbide berri honen abiapuntua izango da Soraluze. Gaztelupeko Hotsak eta Pil-pilean Euskara Elkarteak gonbidatuta etorriko dira.

Jokin Oregiren testuak

Emanaldia tokian tokiko herritarrengana hurreratzeko asmoz, Jokin Oregi soraluzetarraren hainbat testu ere txertatuko dituzte emanaldian; azken urteotan Facebooken argitaratu dituen zenbait mikropipuin. Horrez gain, Amaia Irazabal aktorearen beraren testuak ere errezitatuko dituzte.