Bernarda Garciak laguntza eskatu du

E. Unamuno 2016ko aza. 30a, 12:07

Bernarda Garciak hirurogeita zazpi urte ditu, gaixorik dago eta bakarrik bizi da Atxuri kaleko etxebizitza zahar batean. Etxebizitza isolatu barik dago eta neguan sekulako hotza egiten du. Bernardak laguntza eskatu du bizi duen egoerari aurre egiteko. 

Bernarda Garcia bakarrik bizi da eta ezindua dago eguneroko zeregin egiteko. Bigarren pisuan bizi denez, kalera jeisteko arazo handiak ditu. Hala ere,larriena etxebizitzaren egoera da. Isolatu barik dago, leihoak ez dira behar bezala ixten eta kanpoan hotz egiten duenean sekulako hotza sartzen zaio etxe barrura ere. Berogailu txiki bat besterik ez du berotzeko.

Bernardak bizimodu gogorra izan du. Tratu txarrak jasan izan ditu eta dibortzioko paperak egiten dihardu. Senarrak ez dio zegokion pentsiorik pasatu eta baliabide ekonomiko urriak ditu. Orain dela hilabete batzuk, koloneko minbiziadiagnostikatu zioten eta maiatzean operatu zuten. Duela gutxi, metastasia diagnostikatu diote gibelean.

Bernardak ez du hurbileko lagun eta seniderik, Marian Ocariz, borondatez laguntzen ari zaion herritarra, bakarrik du aldamenean. Bera izan da azkenengo hilabeteotan ondoan izan duena, eta errekuperazio prozesuan laguntzen ari zaiona. Marian Ocariz desesperatuta dago eta Bernardaren egoeraren berri ematea erabaki du: “Ez dut ulertzen zela den posible emakume hau horrela egotea eta gizarte zerbitzuek, ez beste inork, ezer ez egitea. Lotsagarria da. Laguntza eskatu dugu udaletxean,gizarte zerbitzuetan, Osakidetzan eta alde guztietan, eta inork ez du ezer egiten. Sei hilabete pasatu dira asistenteak etxe honetan ezin zuela bizi baieztatu zuela. Negua dator , tratamendua gogortuko diote eta erabaki dugu bizi duen egoeraren berri lau haizetara zabaltzea. Ez dugu etsiko behar duen laguntza jaso arte”.

Gizarte zerbitzuak eta udala: “Gure eskuetan dagoen guztia egiten dihardugu”

Iker Aldazabal alkateak eta Irantzu Benito gizarte zerbitzuetako teknikariak onartu dute Bernardaren egoera oso larria dela eta adierazi dute euren eskuetan dagoen guztia egiten dihardutela laguntzeko. Datuen babeserako legea dela eta, egiten dihardutenaren berri ematerik ez dutela adierazi dute. Hala ere, azpimarratu nahi izan dute, badirela Bernardak hartu beharreko erabaki batzuk, eta horretan erakunde publikoek ez dutela zer esanik.