Nerea del Campo (Gure Balioak 2016 sariduna): “Indarkeria matxistarekin amaitzeko gizarteak konplize izateari laga behar dio”

Erredakzioa 2016ko urr. 28a, 14:07

Nola hartu zenuen saria zuri emateko erabakiaren albistea? Ezusteko handia izan zen?

Hasieran adarra jotzen ari zirela pentsatu nuen. Aurtengo Gure Balioak saria neri ematea erabaki zutela esaten telefonoz deitu zidatenean berriak ezustekoan harrapatu ninduen, ezin nuen sinetsi inolako saririk neri emango zidatenik. Deitu eta hurrengo asteburuan sariari buruzko informazioa bilatzen eta irakurtzen ibili nintzen eta, hala ere, oraindik sinestu ezinda nengoenez, zuzenean Debegesara deitu nuen benetan saria neri ematea erabaki zuten galdetzeko eta, baietz erantzutean, orduan hasi nintzen egia zela konturatzen.

Saria zuri emateko arrazoietako bat “Mujeres al Cuadrado” elkartearen sorreran parte hartu zenuela izan da. Zerk bultzatu zintuen horretara?

Nik bizi izandako esperientziak eragindakoa izan zen. Bikotekidearen kontra salaketa ipini nuenean hankasartze bat baino gehiago egin nuen, asko sufritu nuen. Gizartekintzan oso ondo hartu ninduten, laguntza handia jaso nuen, baina laguntza ematen zidatenak ondo zeuden euren bikotekideekin eta, egia esan, nik bizi izandako egoera zuzenean ezagutzen zuen norbaiten falta izan nuen batzuetan. Jabetza Eskolaren bitartez indarkeria matxistaren inguruko formazioa jasotzen joan ahala, eta beste toki batzuetan horren inguruko elkarteak bazeudela ikusita, Eibarren ere indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko elkartea eratzera animatu nintzen. Gure herrian urtero izaten dira indarkeria matxistari lotutako salaketak eta horren biktimei laguntzeko eratu genuen elkartea. Harrezkero emakume asko etorri zaizkigu informazio eta laguntza eske.

Horrez gain, “Empalabramiento” izeneko egitasmoa sortu zenuen. Zelako proiektua da hori?

Elkartearen bitartez eskaintzen dugun zerbitzua da. Orain dela urte batzuk, Lanbidek emandako laguntzari esker, gazteleraz ez zekiten emakume atzerritarrei Andretxean klaseak ematen hasi ziren eta nik irakaslea izateko zortea izan nuen. Berehala konturatu ginen horrelako klaseen premia handia zegoela, emakume asko etortzen ziren gazteleraz ikasi nahi zutela esaten, Helduen Irakaskuntzarako Ikastetxean denentzat tokirik ez zegoen… Gauzak horrela, laguntzeko prest zeuden beste batzuekin batera, emakume etorkinei klaseak ematen hasi ginen, boluntario bezala, eta gaur egun 100 bat ikasle dauzkagu, taldeka banatuta. Astelehenetik barixakura irakasten ibiltzen gara, goizero, eguaztenetan izan ezik.

Zoritxarrez, indarkeria matxistari buruzko albisteak eguneroko kontu bihurtu dira azken aldian. Zure ustez, zer behar da hori aldatzeko?

Gizarteak konplize izateari lagatzea. Horrekin batera, jakina, heziketa egokia izatea ere beharrezkoa da. Berdintasunerako Planak onartuta dauden udalerrietan horiek betetzeko baldintzak eta baliabideak egon behar dira. Adibide bat ipintzeagatik: udaltzain bati herriko kaleak ezagutzea eskatzen zaion bezala, indarkeria matxista kasu baten aurrean erantzun egokia emateko formazioa izatea berdin-berdin eskatu beharko litzaioke. Eraso bat gertatzen denean, horri ematen zaion lehen erantzunak berebiziko garrantzia dauka, sarritan emakumearen bizia jokoan izaten da eta.

Etakitto.eus agerkarian egindako elkarrizketa da.