Trailer bat katigatuta gelditu da Olatik Santa Anarako bidean

E. Unamuno 2016ko ira. 21a, 09:56

Gaur goizean, goizeko zazpiak aldera, Gol lantegira materiala zeraman Galiziako trailer bat katigatuta gelditu da Olatik Santa Anara bidean. Gidariak adierazi duenez GPSaren jarribideei jaramon eginda sartu da kalean barrena, ez atzera ez aurrera gelditu den arte. Garabiari deitu diote eta etortzeko zain daude. 

Trailerra Olatik Santa Anarako bidean gora abiatu da baina aurreraxeago, eskuineko aldeko hormari katigatuta gelditu da. Gidaria ahalegindu ei da trailerra libratzen baina ahalegin horretan gurpila lehertu zaio eta orduan erabaki du udaltzaingoari deitzea. Udaltzaingoak trailerra bere kabuz ateratzeko modurik ez dagoela ikusi duenean garabiari deitu dio, atzealdea mugitu eta bertatik ateratzen lagun diezaion. Bitartean, udaltzaingoak itxi egin du errepidea bide zati horretan.