Baina gaitezke?

E. Unamuno 2016ko eka. 26a, 09:46
Piraguak ibaian.

Azken urteotan, ibaiko ura garbiago dator, gardenago, eta, noiznahi, arrain txikiak ikusten dira multzoan. Haien aldamenean neska-mutiko gaztetxoak ere bai, gero eta sarriago, piraguetan edo piragua barik. Baina zenbateraino dago ura garbi, bainatzeko beste bai?

Jon Ugarte oñatiarra basozaina da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurumenaren Garapeneko basozaina eta erreken eta arrantzaren kontrolaz arduratzen da, hain zuzen ere. Bere esanetan “Deba ibaiko uraren kalitatea asko hobetu da azken urteotan, batez ere, saneamenduari esker eta enpresek egin duten lanengatik”.

Hobekuntza nabaria baina hobetzeko asko

Ibaien osasunaren adierazgarri nagusienetakoa bertan bizi diren animaliak dira;alde horretatik, azken urteotan, asko ugaritu dira arrainak: “amorrainak, eskailuak, barbuak, loinak… ikusten dira, inguruko erreketatik ibaira mugitu direnak”. Arrainekin batera, hegaztien populazioak ere gora egin du: “Badira lertxunak edo gartzak arrainak jaten dituztenak, eta horiek hasi dira gero eta gehiago ikusten. Ubarroiak, ur-zozoak, martin arrantzale batzuk, buztanikarak…Horiek bai dira ibaiaren osasun hobearen adierazgarri”.

Hala ere, Ionen esanetan, oraindik asko dago egiteko, “Antzuola eta Elgetako ur zikinak Mekolaldeko kolektorera bideratu barik daude, baserrietakoak ere bai eta noizean behin isurketa handiak gertatzen dira oraindik, batez ere, Bergaran”. Gainera “Deba ibaia da munduan oztopo gehien duenetakoa (presak…); 200 bat ditu”.

Bainurik ez, piraguak bai

Ibaiko ura bainurako bezain garbi dagoen galdetuta, Ugarteren erantzuna argia da: “Eusko Jaurlaritzako Urak Agentzia da bainua baimentzeko eskumena duena eta honek ez du baimenik eman. Ura oraindik ez dago bainatzeko bezain garbi”.

Iritzi berekoa da Iker Aldazabal alkatea ere. Hori bai, “Azken hilabeteotan piraguen inguruko ekimenek izan duten arrakasta ikusita, Udaleko Kirol Batzordeak bigarren eskuko piraguak erosteko aukera aztertzen diharduela jakinarazi du. Txoko pareko ur-zikinen desagueaz galdetuta, Udalak adierazi digu ur-kontsortzioaren arduradunekin berba egin duela baina kontsortzioko arduradunen esanetan desagueak ez ei du gutxieneko “kota” betetzen eta oraingoz, arazoa bideratzeko aukerarik ez ei dute ikusten.

Bestalde, Udalak eta Alkarrekineko Ibaiak eta Mendiak taldeko kideek Sagar-errekako potzura bidea egokitzeko proiektua gauzatzeko aukerak aztertzen dihardute. Ziurtatzerik ez dagoen arren, ez dute baztertzen lanak udako oporrak aurretik martxan jartzea.

ISURKETEKIN: 112

Isurketaren bat gertatu dela ikusiz gero, oso garrantzitsua da 112ra deitzea. Dagokiona joango da ura aztertzera eta arazoa zein den ikustera.