“Sua” antzezpen herrikoia prestatu dute domekako Udate gaberako

plaentxia_com 2013ko eka. 20a, 09:30
Udako solstizioarekin batera heltzear da ekainaren 23ko Udate gaba. Aurtengo ospakizunean herritarrak izango dira protagonista nagusi eta, ”Sua” antzezlana prestatu dute jaia girotzeko. Sorgin dantza, lagun arteko afaria, oroitzapen txarren erretzea eta edabe magikoa  ere  gozagarri izango dira barrenak misterioz bete nahi dituztenentzako. 

 

 

 

 

Pil-pileanak eta Urrats Dantza Taldeak elkarlanean prestaturiko Udate gabak "herritar guztiak suaren bueltan batu eta uda badatorrela ospatzea" du helburu. Aurten, herritarren parte hartzea eta naturako elementuak nahastuz,  “Sua” antzerki herrikoia prestatu dute.  Suaren bueltan sorgin ugari jarri nahi dituzte, bestalde, dantzan eta horretarako, Sorgin dantza ikasteko entsegu egunak zehaztu dituzte. Gaur eta bihar batuko dira, 19:00etan Frontoian.

Jana, edana eta musika

Afarirako, norberak zerbait eramanda elkarrekin jateko gonbitea luzatu dute antolatzaileek eta gauerdian, oroitzapen txarrak sugarretan erre eta sasi guztien gainetik salto egiteko aukera egongo da. Edabe magikoak eta musika goxoak borobilduko du ospakizuna.  Udate gaba ilargi bete eta guzti datorrela eta “dagoeneko sorginak ere irrintzika daudela eta… emozioa eta misterioa” ez direla faltako aurreratu dute antolatzaileek. Herritar guztiak daude festan parte hartzera gonbidatuta!

 

UDATE GABA egitaraua

Gaur eta bihar (ekainak 20 eta 21):

19:00etan Sorgin dantza ikastaro herrikoia Frontoian

 Ekainak 23 Plaza Barrixan, UDATE GABA

21:00etan SORGIN AFARI parte hartzailea (afaltzekoak, bakoitzak zerbait eramanda jango dituzte elkarrekin)

23:00etan “Sua” herritarren ANTZEZPENA

Ostean, SORGIN DANTZA

Oroitzapen txarren ERRETZEA, sasi guztien gainetik SALTO eta gauerdian, EDABE MAGIKOA, musikaz goxatuta!