Eloi Uriarte soraluzetarra iheslarien kolektiboaren mintzaidetza taldeko kidea izango da

plaentxia_com 2013ko eka. 13a, 12:37

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak atzo Frantzia eta Espainiarekin berba egiteko mintzaidetza taldea aurkeztu zuen Baionan. Zapatuan, Miarritzen, ekitaldia egingo dute bide orria ezagutzera emateko. Soraluzetik autobusa antolatu dute (9:30ean Estaziñotik). Irudia: Eloi, jarrita lehena eskumatik.

 

Eloik Uriartek 1974ko irailaren 11n egin zuen ihes. Guztira 39 urte daramatza Soraluzetik kanpora (Iturria: Soraluzeko Herrira).

Maiatzean soraluzetarrei zuzendutako gutuna bidali zuen Pil-pileanera, baina espazio arazoengatik laburtu egin behar izan genuen. Hemen duzue bertsio osoa:

 

MIARRITZE, EKAINAK 15

Urteetan zehar luzatu den gatazka politikoaren ondorioz, gure herrietatik arrazoi desberdinengatik ihes egin behar izan genuen Euskal Herriko gizon eta emakumeek osatzen dugu Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa.

Azken hamarkadetan denetarik ezagutu dugu: gerra zikina, estradizioa, deportazioa, konfinamendua, euro-agindua gaur egunean oraindik; Kolektiboan errealitate oso ezberdinak ditugu. Babesa behar dutenak, gaixo daudenak eta urrun ditugunak lehenik gogoan. Duintasunez bizitzea dugu gutxieneko oinarria denontzat. Munduan zehar barreiaturik eta egoera ezberdinetan bizi garen Kolektiboko kideok konpromiso irmoa erakutsi dugu Euskal Herrian hasitako aro berriarekin eta horretara bideratu beharreko gatazkaren konponbidearekin.

Bi dira erronkak: nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea ekarriko dituen prozesu politikoan barrena egitea batetik, eta gatazkaren ondorio gordinenak behin betiko gainditzea bestetik. Bai batean zein bestean, herri protagonismoa dugu gakoa, eta iheslariok ere bi betebehar horiei ekarpena egiteko asmoa dugu; euskal herritar gisa prozesu politikoan parte hartzeko determinazioz eta erbestea behin betiko desager dadin bidea egiteko asmo sendoz.

Ez dugu Estatuen inongo blokeorik ontzat emango. Ez gara horretara ohituko. Gure egoera ez ezik, gure herriaren geroa baitago jokoan. Zapalketak sortutako gatazkaren ondorio gara eta jakin badakigu gatazkari konponbide justua emateak bermatuko duela haren ondorioak erabat gainditzea.

Herria dugu arnas. Sorterria urrun badugu ere herria da gure eguneroko borrokaren hatsa, gugan bizi dena libre, eta libre biziko duguna. Datorren ekainaren 15ean ekitaldi politiko bat burutuko dugu Miarritzeko Irati aretoan, zeren eta guztiaren gainetik, gainontzeko Euskal Herriarekin batera bizitzea, libre izatera, irabaztera goaz.

Hortaz, ekainaren 15ean Miarritzeko Irati aretoan ospatuko den ekitaldian parte hartzera animatzen zaituztet. Zure presentzia eskertuko dugu.

Iheslari eta Preso Politikoak etxera


Eloi Uriarte Diaz de Gereñu

 

{mosimage} 

Informazio gehiago:

http://paperekoa.berria.info/harian/2013-06-13/006/001/Iheslarien_urrats_historikoa_.htm

http://www.herriaduguarnas.org/