Karpa erraldoia jarriko dute asteburuan Ezozin eguraldi txarrak jaia zapuztu ez dezan

plaentxia_com 2013ko eka. 5a, 15:11
Zapatuan egingo da VI. Erromerixa Eguna Ezozin eta domekarako, auzoko jaietako egitaraua prestatu dute. Eguraldi txarra iragarrita dagoen arren, karpa jarrita jai giroa ziurtatuko dela uste dute antolatzaileek. Ikusi egitaraua!

 

 

Zapatuan ospatuko da Erromerixa Egunaren seigarren edizioa. Eguraldiak freskatzera egingo duela iragarri dute eta egunean zehar euria egin dezakeela aurreikusita, antolatzaileek jaia karpa baten babesera moldatzea erabaki dute; egun osoko egitarauari eutsi ahalko diote horrela. 

Goizeko 11:00ak inguruan Plaza Barrixan salda eta txorizoa hartuta, Ezozira kalejira egingo da trikitilari eta txistulariek lagunduta. Bertan, ohikoa den dantza saioa eskainiko dute Urratseko dantzariek eta jarraian, Aiko taldearekin dantza tradizionalak dantzatzen ikasi eta praktikatzeko aukera egongo da, musikari eta gidarien laguntzaz. Bazkalorduan eguraldiak laguntzen badu, ermitako atari eta inguruetan bazkaltzeko aukera izango da. Lekua hartzeko Iratxo goxodendan edo Arrano tabernan izena emateko eskatu du Euskal Jai Batzordeak.

Herriko sagardoa dastagai

Arratsaldeko erromeria sagardoz bustita hasiko da. 18:00etan Xero Xiettek dantzarako ohikoak diren doinuekin alaituko du Ezoziko jai-giroa eta ordu bererako sagardo dastaketa antolatu dute, herriko sagardoa dastagai izango da gainera. Eguna borobiltzeko, 19:00ak aldera Larrain dantzari emango zaio hasiera.  

 

VI. ERROMERIXA EGUNA

{mosimage}Ekainak 8, zapatua:

11:00etan Hamaiketakoa Plaza Barrixan

12:00etan Kalejira Ezozira, trikitilari eta txistulariekin

12:45ean Dantza saioa Urratsekoekin

13:15ean Aiko taldea gidatutako erromeria

14:30ean Bazkaria elizpean

18:00etatik aurrera Xero Xiette taldearekin erromeria eta sagardo dastaketa

19:00etan Larrain dantza

 

Auzokoentzat jaia, domekan

{mosimage}Domekarako auzotarrei eskainitako jaia prestatu du Ezoziko Jai Batzordeak. Salda eta txorizoa banatuta, meza izango dute bertaratzen direnek eta eguerdirako herri kirol erakustaldia antolatu dute: trontza, txokor bilketa, txingak, enbor mozketak… gustu guztietarako ekinaldiak izango dira ikusgai. Tartean, artile mozketa, ardi jeztea, gazta egite erakustaldia eta dastaketa ere antolatu dituzte bertaratzen direnentzat. 14:30erako Armendi jatetxean bazkaltzeko hitzordua zehaztu dute eta ostean, zezentxo eta poniak izango dira, umeen gozagarri. Festa, herriko gazteenei egiten zaien urteroko opari banaketarekin borobilduko dute.

EGITARAUA

12:30ean meza eta salda eta txorizo dastaketa trikitilariak alaituta

13:00etan Herri kirolak: Trontza, txokor bilketa, txinga eramatea eta enbor mozketa

Tartean, artile mozketa, ardi jeztea, gazta egite erakustaldia eta dastaketa.

14:30ean Armendi jatetxean bazkaria

18:00etan Arnoren zezentxo eta poniak

Bukaeran, umeei opari banaketa.