"Enpresa aurrera ateratzea lortuko dugulakoan gaude" GOLeko ELA eta LABeko ordezkariak

plaentxia_com 2013ko mar. 13a, 11:17
GOLeko ELA eta LABeko hainbat langile izan ziren atzo Gaztetxean, enpresaren egoera aztertzeko antolatu zuten hitzaldian. Langileek aurrera egiteko itxaropena dute, baina horretarako, hornitzaileekin hitzarmena sinatu, edo bestela, erosleren batek enpresa erosi edo ALFA taldeko kutxa bakarra hautsi beharko litzateke. Irudia: ELAko ordezkariak.

GOLeko langileen ordezkariek (ELA-LAB) lantegia "egoera honetara ekarri duten erabakiak" zein izan diren azaldu zituzten. GOL enpresa bere momenturik onenean Alfa taldeari saldu izana -langileen ezagupenik barik- , eta ondoren, Alfa taldeko zuzendaritzak -Treviño eta abar- egindako “kudeaketa kaxkarra” aipatu zituzten arrazoi nagusi moduan. Langileek jakinarazi zutenez, Alfa taldeak 120 miloi euroko zorra omen du gaur egun, eta zati bat -zehaztu gabea- GOLi dagokio. Hori dela eta, hein handi batean bankuek zorraren inguruan hartu ditzaketen erabakien baitan ikusten dute taldearen eta berau osatzen duten enpresen bideragarritasuna. Bestalde, Alfa taldearen jabea den “Treviño jaunaren eta bere sozioen jarrera iraingarria izan dela” salatu zuten: “ez du mugimendu bakar bat egin sortutako egoera bideratzeko eta gainera dio berak ez duela ezer irabazi”. "Legea enpresarien eta bankuen mesedera egina dago eta langileok ezin dugu ezer egin", adierazi zuten.

 {mosimage}

Etorkizunarekiko itxaropentsu

Etorkizunari dagokionez, lege konkurtsaletik atera arteko hilabeteak “gogorrak” izango direla aurreikusten dute, baina hala ere itxaropentsu daude. "Orain arte enpresaren martxari eutsi diogu, soldatak 'normaltasunez` kobratzea lortu dugu, bezeroak mantendu ditugu... eta ondorioz, enpresak gaur egun ere errentagarria izaten jarraitzen du", azaldu zuten. Hala ere, “lotsagarritzat” jo zuten, “langileei %5eko jeitsiera ezarri eta enpresa aurrera egiteko ahaleginean ari den egoeran batean, administratzaile konkurtsalak 150.000 euro inguruko soldata izatea”.


Azaldu zutenez, “momentu honetan GOL enpresan 150 lagunek lan egiten dute eta %20 inguruk 50 urte baino gehiago ditu”. Hori dela eta, lege konkurtsaletik ahalik era bizkorren ateratzeko ahaleginean jarraituko dutela adierazi zuten, baina egoerak txarrera eginez gero, ez dute baztertu mobilizazio indartsuagoak egitea ere. Hala ere, uda osterako egoera bideratuta izateko itxaropena dute.