Udal gobernuak oharra kaleratu du biharko manifestazioarekin bat eginez

plaentxia_com 2013ko urt. 10a, 16:53
  Oharrean "euskal presoei aplikatzen zaizkien espetxe-neurri salbuespenezkoak indarrik gabe utzi behar direla" adierazi du. Dagoeneko laugarren autobusa betetzen hasita dagoela jakinarazi du Herrirak. Bideoa: Soraluzeko Herriraren urteko errepasoa.

Herrira urtea iruditan from PlaentxiaTB on Vimeo.

UDAL GOBERNU TALDEAREN OHARRA
 
Lerro hauen bidez, Soraluzeko Udal Gobernu taldeak bat egin nahi du Herrira mugimenduak deiturik urtarrilaren 12an Bilbon “Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira” goiburuarekin egingo den mobilizazio orokorrarekin.


Giza Eskubideen Deklarazioaren edukiak aintzat harturik, euskal presoei aplikatzen zaizkien espetxe-neurri salbuespenezkoak indarrik gabe utzi behar direla uste dugu. Zehazki, sakabanaketa-politikari amaiera ematea, gaixotasun larria duten hamahiru presoak libre gelditzea, eta Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia betetzea zigorra bete duten 67 presoak libre gera daitezen. Aldi berean, giza eskubideen eta bakearen aldeko akordio sozial zabala egiteko prestutasuna adierazten dugu, betiere modu eraikitzailean egiazko konponbideak bilatu nahian.


Hori horrela, Soraluzeko Udal gobernu taldeak urtarrilaren 12an (larunbata), Bilbon egingo den mobilizazio orokorrean parte har dezazun dei egin nahi dizu.