Argazki zaharren erakusketa antolatu du udalak

plaentxia_com 2013ko urt. 8a, 14:03
Urtarrilaren 21etik otsailaren 9ra bitartean iazko urtean digitalizatutako udal argazki artxiboko 72 argazki ikusgai jarriko dira kiroldegiko erakusketa aretoan, lau talde handitan banatuta: gizartea, jai eta ospakizunak, kirola eta hirigintza. 

 

{mosimage}Herriko argazkilari ezagunek, (Biribiltxo edo Eli Laskuesta), eta herritarrek udalari eskainitako argazkiekin osatu dute ikusgai jarriko den argazki zaharren artxiboa. Udalak kontratatuta, Ekaitz Uzin gaztea arduratu da artxiboko argazkiok sailkatu eta digitalizatzeaz. Iazko urtarrilean ekin zion datu-basea osatzeko lanei eta guztira, berrehun bat argazki digitalizatzea lortu du. Sailkatutako hirurogeita hamabi argazkik apainduko dituzte erakusketa aretoko hormak urtarrilaren 21etik otsailaren 9ra bitartean.

{mosimage}XX. Mendeko irudi esanguratsuenak jarriko dituzte ikusgai, Soraluzeko gizarteari, ospakizunei, kirolari edota hirigintzari erreferentzia egiten diotenak. Halaber, bertaratzen direnek, digitalizatutako ehunka argazkiekin osatutako blog-a kontsultatzeko aukera ere izango dute.