LABek bizikleta martxa antolatu du biharko, Deba eskualdeko enplegu egoera salatzeko

plaentxia_com 2012ko uzt. 11a, 14:05
Eskualdeko enpleguaren egoerarekin kezkatuta, testuinguru sozioekonomiko larriari erantzuteko bizikleta martxa egingo dute bihar eskualdean. Debabarrena eta Debagoiena batuko ditu ekimen honek eta Eibarren amaituko da.
 
 
 
  
"Debaldea bizirik. Enplegua eta eskubideen alde, burujabetza ekonomiko eta soziala" lema izango du martxak, eta bi zutabe izango ditu: Eskoriatzatik irtengo da bata eta Mutrikutik bestea, eta biak ordu berean amaituko dira Eibarren.
 
Karabana aldarrikatzailea izango da, "herritik-herrira bizikletan eta herrian zehar bizikletan edota oinez". Bakoitzak nahi duen ibilgailuarekin egin dezake bat martxarekin.
 
Herri bakoitzean geldialdia egingo dute bertako egoera aztertzeko: "enplegua, langabeziaren gorakada, enpresen itxiera, merkataritza egoera, bankuen lapurretak, lehen sektorearen egoera, hezkuntza, osasungintza eta orokorrean sektore publikoaren desmantelatze estrategia..." azaldu dute. 
 
EH independente eta sozialista helburu
LABek, besteak beste, krisiaren aitzakipean, patronala, Banka eta lekuan lekuko gobernuek langileriaren aurkako "neurri onartezinak" hartzen ari direla salatu du eta ondorioz langileriak bere tresna propioak behar dituela lan eskubideak defendatu ahal izateko.
 
Gehitu du, Euskal Herri independente eta sozialista duela helburu, "lehenbailehen Espainiarekin hautsi eta eredu propioa eraiki behar" dela.  
 
Soraluzeko langabeziaren egoera hizpide
Gure herrira bihar Bergaratik helduko da martxa eguerdiko 13.00ean. Hemen, bailarako langabezia tasa altuena izaki, bertako egoeraz eta udaletxearen egoera ekonomiko larriaz hitz egingo da.
 
Soraluzeko LABek jakinarazi du, bazkaria egingo dela Zubi Nagusian norberak etxetik eraman beharko duen janarekin. 
 
Eibarko manifestaziora irteera 16:30etan izango da, bidean, bi zutabeak Maltzagan elkartuko dira eta Eibarrera abiatuko dira, 18.30eko manifestaziorako.
 
Hona bi zutabeen ordutegiak herriz-herri:
 
Lehen Zutabea: Mutriku- Eibar
  • Mutrikun irteera 9. 30etan. Gaia: arrantza; guraize fabrika. Argazkia osatu merkataritza eta industriaren egoerarekin. Turismoa eta hirugarren sektoreko egoera. Herrian 30´. Hasieran martxaren kokapena eta zer egitera goazen azalduko da. Irten 10etan.
  • 10-10:30 Mutriku- Deba. Turismoari zuzenduta eskuorri berezitu bat banatuko dugu . 11etan Debatik irten.
  • 11- 11:30 Deba- Mendaro. Ospitalean eskuorriak banatuko ditugu. Ordu erdiko egonaldia, irten 12etan
  • 12- 12:30 Mendaro- Elgoibar. Egin beharrekoak egin eta 13:30etan bazkaltzera.Irteera 16:30etan
  • 16:30- 17 Elgoibar- Maltzaga. Maltzagan bi zutabeak bat egin eta Eibarreraino elkarrekin joango gara.
  • 17- 17:45 Maltzaga- Eibar. Manifa 18:30etan. Bitartean eskuorriak banatu eta kale agitazioa landu. Eibarren arazo eta egoera orokorraz gain Alfako arazoarekin lotura egin eta beraiei eman protagonismoa.
 
Bigarren zutabea: Eskoriatza- Eibar
  • 9:30 Eskoriatzan irteera goizeko 9.30etan. Gaia: Tesa. Argazkia osatu merkataritza eta industriarekin. Huhezi ere hor dago murrizketak hezkuntzan sartu daitezke ere. Hasierako mezua. Irteera 10etan Eskoriatzako plazatik.
  • 10:00- 10:20 Eskoriatza- Aretxabaleta. Basabe poligonotik pasa eta Arizmendi ikastetxetik ere , hezkuntzan murrizketak. 10:45etan irten
  • 10:45- 11 Aretxabaleta- Arrasate. Kooperatibistekin zerbait egin. Alternatibaren beharra azpimarratu beraiekin batera. Eredu sozioekonomiko desberdina aldarrikatu. 11:30-etan irten.
  • 11:30- 12 Arrasate- Elorregi- Oñati (Oñatitik 11etan, 12etan Elorregin egoteko)
  • 12- 12:30 Elorregi- Bergara. Irala kalean. Merkataritzaren gaia jorratuko dugu. Arte lanen ibilbidea egin daiteke ere arte lanen kolorea txuri beltzera ekarri: dena itxita. Irteera 13etan.
  • 13- 13:45 Bergara- Soraluze. Soraluzeko langabezi tasa bailarako altuena da, udaletxea ere oso egoera ekonomiko larria bizi du. Egin beharrekoa egin eta gero bazkaria. Irteera 16:30etan
  • 16:30- 17. Soraluze- Maltzaga. Maltzagan bi zutabeak bat egin eta Eibarreraino elkarrekin joango gara.
  • 17- 17:45 Maltzaga- Eibar
Eibarko manifestazioa: Untzagan 18:30etan.