Udate gabak jaiaren izaera herrikoia berreskuratuko du bihar gauean

plaentxia_com 2012ko eka. 22a, 12:16
Izen horrekin deitu nahi diote hemendik aurrera ekainaren 23ko gauari. Aurtengoan, sorgin afariaren ostean "udate gaba" antzezpen herrikoia eta sorgin dantza egingo dituzte Plaza Barrian.
 
 
 
 
  
Udako solstizioarekin batera heltzear da ekainaren 23ko gau majikoa.
 
Aurten, urteetan erabili den San Juan izena alde batera laga eta antzinako sustraietara jo nahi izan dute, eta jaiaren herri izaera edo izaera paganoa berreskuratuz, Udateko Gaba batailatu dute antolatzaileek suaren inguruko ospakizuna.
 
Urte honetarako egitarau osatua antolatu dute Soraluzeko txistulariek, Pil-Pilean Euskara Elkarteak eta Urrats Dantza taldeak.
 
Duela gutxitik herrian egiten ari diren txistu-poteoa egingo dute bihar herrian zehar, sorgin afariaren ostean "udate gaba" antzezpen herrikoia eta sorgin dantza egingo dituzte Plaza Barrian.
 
Dena suaren bueltan izango da, bera delako egun honetako protagonista. Edabe majikoa dastatuz urteko egun luzeenei agur esango zaio bihar, eta oroitzapen txarrak erretzeko aprobetxatzeko unea izango da.
 
Oharra: Sorgin afaria partehartzailea izango da, eta norberak bere jatekoa eramango du. 
udate gaua kartela.jpg