`Errenta aitorpena, aukeran euskaraz´ kanpaina aurkeztu dute Pil-Pileanek eta Udalak

plaentxia_com 2012ko api. 23a, 11:00
Joan den urtean herritarren %14,4k egin zuen aitorpena euskaraz, asmoa ehuneko hori haunditzea dela azaldu dute Euskara Elkarteko Arrate Gisasola eta Mikel Leunda udaleko euskara teknikariak.
 
 
 
 
 
 
 
 
Soraluzeko Udalak eta Pil-Pilean Euskara Elkarteak ´Errenta Aitorpena, aukeran euskaraz´ kanpaina aurkeztu dute. Joan den urtean, aitorpena egiten duten 2.151 herritarren %14k egin zuten modu honetan eta asmoa ehuneko hori haunditzea dela azaldu dute Arrate Gisasola Euskara Elkarteko kideak eta Mikel Leunda udaleko euskara teknikariak:
 
 "Euskarak Soraluzen aurrera egin dezan nahi bada, garrantzitsua da zergadun euskaldunak aitorpena euskaraz egiteko urratsa ematea; hau da, gutako bakoitzak hizkuntza hautatzeko dugun aukeraz baliatzea. Beraz, egizu euskararen aldeko aukera".
 
Aitorpena euskaraz egiteko kanpaina ekainaren 25ean amaituko da. Lau bide daude aitorpena egiteko. Bide guztietan ez dago inolako arazorik aitorpena euskaraz egiteko, eta euskaraz egin nahi dela esan besterik ez da egin behar. :
 
1. Autolikidazio proposamena
2. Mekanizatua (Hazienda bulegoan)
3. Telematikoa (Internet bidez edo aholkularitza zerbitzu batean)
4. Inprimakia
 
Autolikidazio proposamena
Proposamena eta gutuna ele biz jasoko dituzu, eta, onartzeko garaian, euskaraz nahi duzula esatea baino ez duzu. Aurtengo behin betiko deklarazioa euskaraz bidaliko dizute, eta aurrerantzean ere hala egingo dute.
 
Mekanizatua
Haziendako bulegoan hitzordua eskatzerakoan esan Haziendarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula. Horrez gain, aitorpena egitera joatean eskatu agiria euskaraz ematea nahi duzula.
 
Telematikoa
Aholkularitza zerbitzura joatean, espreski adierazi aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Internet bidez errenta programa jaitsiz gero, berriz, euskarazkoa aukeratu.
 
Inprimakia
Estankoetan inprimakia ele bitan daudenez, zuk erabaki ahal izango duzu zein hizkuntza erabili. Interneten ere lortu ahal izango duzu inprimakia, eta euskaraz betetzeko aukera izango duzu.