Karakateko laua konpontzen hasiko dira

plaentxia_com 2012ko urt. 12a, 18:14
Elgoibarko Morkaiko mendizale elkarteak egindako salaketari erantzunez, Soraluzeko Udalak adierazi du ezin dela esan pinudien jabeak baldintzak bete ez dituenik. Karakatetik Atxolinera bidean kamioien gurpilek arrasto sakonak laga dituztela salatu dute eta natur ondarearen aurkako "sarraski” gisa definitu dute gertatutakoa.

Aste honetako albistea izan da. Elgoibarko Morkaiko mendizale elkarteak salatu du Karakate mendigainean egurrak ateratzeko lanetan kalte haundia eragin dutela. Karakatetik Atxolinera bidean kamioien gurpilek arrasto sakonak laga dituztela-eta (argazkian begibistakoak dira) natur ondarearen aurkako "sarraski” gisa definitu dute gertatutakoa.
 
Soraluzeko Udalak azaldu du, urrian jaso zuela Karakate gaineko pinudi bitatik egurra ateratzeko eskaera. Nahiz eta pinadiak Elgoibar aldean egon, ezinezkoa zitzaien hango partetik garraiatzea, eta egurra atera ahal izateko Soraluzeko udal jabetzako lurzorua eta herri-bideak erabiltzeko baimena eman zitzaien, basozainak, udal teknikariek eta arloko zinegotziek gaia aztertu ostean.
 
Baldintza batzuk betetzeko eskatu zitzaien, hala ere:
 
-Ezin izango da ibili 12 tonaz gorako zamadun kamioi edo traktorerik, Idoiako laua izeneko tokia zeharkatuz, Idoiako putzutik Urteagazelaira jaitsi eta hor Komunikazio-Zentrora doan asfaltozko pistarekin bat egiten duen orga-bidean barrena.
Halaber, gurpil-arrastoak ezabatu egin beharko dira, bidea lehen zegoen bezala utziz eta ubideak lehengoratuz.

-Idoiako putzuaren aldamenetik oso kontuz ibili beharko da, toki hori bereziki babestuz.  
 
Udaletik azaldu dute, ez dutela arrazoirik lehen baldintza bete ez dutela esateko eta eguraldi bustiak eragin duela kalteak haundiagotzea: "Eguraldi oso bustiarekin ibili dira lanean eta ondorioz aurreikusten ziren kalteak baino handiagoak egin dituzte".
 
Hasi dira kaltea konpontzen
Azken berrien arabera, pinudiaren jabeak gaur eta bihar artean hasiko dira mendigaina konpontzeko lanetan. Goizean eraman dute beharrezko makinaria: "Oraingoz exijitu dieguna da lehengoratze lanak ahalik eta azkarren egiteko".
 
mendigaina.jpg