Mozorro lehiaketan izenematea zabalik dago

plaentxia_com 2011ko ots. 24a, 10:37
Aurten goiko frontoian egingo da jaialdia. Euskarazko abesti onenarentzat beste sari bat egongo da. 
 
 
 
 
 
 
Martxoa bertatik bertara dugula, mozorro festa haundirako prestatzen hasteko ordua da. Aurten martxoaren 5ean eta 8an ospatuko dira Soraluzen aratusteak eta martitzenean, ohiko mozorro festa edo "play-back" lehiaketa egingo da, aurten, goiko frontoian. 
 
Adinen arabera antolatutako bi kategoria egongo dira, umeentzat bata, hau da, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat eta Bigarren Hezkuntzako gazteentzat eta helduentzat bestea. 
 
Lehiaketaren oinarriei eutsiz, aurkezteko asmoa duen LHko ikasleek taldean egin beharko dute dantza. Kategoria honetan, lehen hiru txapeldunen sariak 100, 75 eta 50 eurokoak izango dira. Gainera, 50 euroko saria egongo da euskarazko abesti onena interpretatzen duenarentzat. Dena dela, udaletik aurreratu dute partehartzaile guztiek jasoko dutela oparia. Martxoaren 7ra arte izango dute izena emateko epea zabalik udaletxean.
 
Helduen kategorian taldeka zein bakarka parte hartzeko aukera egongo da. Musika zuzenean interpretatu ahalko dute edo play back-a egin.  Sariei dagokionez, taldean arituko diren onenek 100, 75, 50 euro jasoko dituzte. Bakarka egiten dutenek berriz, 75, 50 eta 25 euro. Helduentzat izenematea udaletxean edo jaialdi egunean bertan, 30 minutu lehenago egin ahalko dute.
 
Izena emateko deitu udaletxera: 943 753043