"Fatxada desitxuratzea" leporatzen zien lau gazteen kasua artxibatzeko eskatu du instrukzio epaileak

plaentxia_com 2011ko ots. 11a, 13:08
Abenduaren 14an egitekoa zen epaiketara ez agertzea erabaki zuten gazteek kasua artxibatuko zen esperantzarekin. Ustez salatzailea zen Soraluzeko Udala ere ez zen agertu.
 
 
 
 
 
 
Atzo jakin zuten albistea. Eibarko Epaitegiko bigarren instrukzioko epaile Raquel Garciak "fatxada desitxuratzea" leporatu zieten lau soraluzetarren kasua artxibatzeko eskatu du. Abenduan zen egitekoa epaiketa, baina salatuak ez eta salatzailea agertu ez izanak eragin du euren ustez epaileak kasua artxibatzeko erabakia hartu izana.  Oso pozik azaldu dira gazteak albistearekin.
 
Atzera begira
2009an jazo zen guztia, lau soraluzetar gaztek Gaztetxe kanpoko fatxada bajuan hormairudiak margotu zituztenean. Gaztañerre jaiaren bezpera eguna zen eta gazteek "hormigoi tristearen lekuan bista alaituko zuten marrazki eta aldarrikapenak" egin nahi zituzten. Bada, margoak eskuan zituztela Ertzaintzak lau lagunak identifikatu egin zituen "fatxada desitxuratzea" leporatuta. 
 
Joan den abenduan zeuden deklaratzera deituak. Abokatuaren ahokuei jarraituz, gazteek epaiketara ez agertzea erabaki zuten, horrela kasua artxibatzeko aukera haundia
zegoelakoan. Aipatu, ustez gazteak salatu zituena Soraluzeko Udala izan zela, hala jasota zegoen behintzat Ertzaintzak ipinitako salaketan. Udalak, behin baino gehiagotan eta bide desberdinetatik argitu izan du eurak ez zituztela gazteak salatu gaztetxe kanpoan hormairudia egiteagatik. Hala ere, kasuak aurrera egin zuen eta udalak argi laga zuen ez zela epaiketara azalduko.
 
Bertan daude oraindik marrazkiak ezabatuak izateko arriskutik kanpo: tipula bat, berenjena, tomatea eta beste barazki batzuk, lema batzuez lagunduta: "Ortua duen herria ez da inoiz hilko" eta "Egun batian konturatuko zarie dirua ezin dala jan".