Nerea Mendizabal: “Lehen urteetako erreferentziazko pertsonarekin duen harremanak garrantzia du”

plaentxia_com 2010ko ira. 30a, 16:35
Nerea Mendizabal psikopedagogoa elkarrizketatu dugu Pil-pileaneko azken aleko erreportaiaren harira. Umeen heziketan gako diren gai garrantzitsuak azaldu dizkigu zestoarrak.

 

 

Umeek ordu asko pasatzen dute etxetik kanpo, dela eskolan, jangelan, zaintza zerbitzuetan edo eskolaz kanpoko aktibitateetan. Ze ondorio ditu gurasoak umeagandik horrenbeste ordu banatzeak?

 

Niretzat ez da berdina haurtzaroan (0-6 urte garaian eta batez ere lehendabiziko 3 urteetan) edo 6 urtetik gora. Gero eta lehenago sartzen dira haurrak haurtzaindegietan (4 hilabetekin!!!), orain dela 40 urte pentsaezina izango zen.
 

Oinarrizko eskola orduez gain, beste ordu batzuk gehitzen badizkiegu, kasu batzuetan lanean gaudelako eta beste inor ezin delako arduratu edo ez dugulako seniderik “kargatu” nahi, haurraren garapenean ondo etorriko zaizkion aktibitateak eskaini nahi dizkiodalako, jaten ikasi behar duelako, lasaitasuna eta niretzako importanteak diren gauzak lasai egin nahi ditulako, neketsua egiten zaidalako haurrarekin egotea… azkenean, haurrentzat larregi gertatzen da eta honen ondorioak ikusten ari bagara ere oraindik ikusteko gaudela iruditzen zait.

 

Aspalditik jakin badakigu jaio eta haurraren bizitza guztirako, lehendabiziko urteetan izango duen erreferentziazko pertsonarekin erakiko duen erlazio iraunkor eta denboran konstateanak duen garrantziaz (gehienetan ama). Jadanik eskura ditugun jakituria zientifikoek, benetako arrazoi larriak ez badira, haurraren instituzionalizatzea ekiditea gomendatzen dute. Eta hau ez afektu kontuagatik bakarrik.

"Gurasoengandik horrenbeste orduz bananduta egotean, ezinezkoa da behar den intentsitate eta kalitatea lortzea"

Umea pertsona orekatua izateko garrantzitsua da bere oinarrizko beharrak asetuta egotea, (ez bakarrik janari eta loarenak, baita ziurtasun emozional eta afektibokoak ere), haurraren ziurtasunean, garapen adimenean eta osasunean eta etorkizuneko binkuluak eraikitzeko gaitasunean.

 

Haurtzaroan etorkizuneko heldu horren oinarriak eraikitzen ari gara eta sustraien sakontasunak, sendotasunak eta hauek osasuntsuak izateak ahalbidetzen du zuhaitz bat zeruraino haztea. Gurasoengandik horrenbeste orduz bananduta egotean, ezinezkoa da behar den intentsitate eta kalitatea lortzea, nahiz eta haurtzaindegiko, jangeletako eta eskolaz kanpoko zerbitzuetako hezitzaileek ahalik eta goxotasun, maitasun eta intentziorik onenarekin egin, kontutan izanik berauek dituzten baldintzekin.

 

Beharbada horregatik, egunero kontsulta psikopatologikoak areagotuz dihoaz gero eta haur gazteagotan. Espainia da adin txikikoetan psikofarmako gehien erabiltzen dituen hirugarren herrialdea! Eta eskola porrotaren aurrean beronen arrazoiak aztertu ordez zigorrak ezartzea edo “hiperaktibitatea eta atentzio gabezia” etiketak jarri eta medikazioan baino ez dugu pentsatzen. Haurraren garapen eta osasunean eskolaratzea eta sozializazioa hain garrantzitsua izango balitz, administrazioa publikoak ez luke utziko derrigorrezko eskolarizazioa 6 urterarte.


Zergatik egiten dute aukera hori gurasoek? Premiari ala norberaren erosotasunari begiratzen diote?

Ezin dugu generalizatu ezta baloratu norena den benetako premia eta norena ez. Norberak egin beharreko azterketa litzatekeela iruditzen zait eta aukera horrek, haur eta gurasoengan duen eragina ezagutu ondoren, norberak erabakia hartzea.

 

Gero eta guraso gehiago kezkatuta daude politika sozioekonomiko honek haurrei heziketa osasuntsu eta zoriontsu bat eskaintzea zailtzen duelako. Gaur badakigu haurrek oinarri sendoak dituen etorkizun seguru eta osasuntsu bat ziurtatzeko, binkulu emozional sakona duen eta erreferentziazkoa den pertsonak zaintzea behar duela, denbora luzean egonkorra izango dena. Eta baldintza hau, bereziki gurasoek betetzen dute.


Aldi berean, emakumearen ikasketa eta lanbide profesionala dela eta, beharrezkoa zaigu haurren zaintza eta gurasoen lanaren uztartzea. Horrela, haurraren garapen pertsonal eta osasun mental osasuntsu baterako zaintza egokien eskubideak erreparatu behar dira eta gurasoen garapen pertsonal eta profesionalerako eskubideak erreparatu.


Zerbitzu berri hauek ez al diote gurasoen beharrei gehiago begiratzen, umeen beharrei baino?

Garbi dagoena aukeraketa hori gurasoek behar dutelako egiten dela (ze haurrarekin pentsatuz egiten bada, haurraren behar eta adin bakoitzeko hazkuntza ezagutzera gonbidatuko nuke).

 

"Galdetu eta erantzun beharko genukeena zera da: Zerbitzuok gurasoen beharrei begiratzen badie, zer egin dezakegu gurasook umeen beharrak asetzeko?"

 

Gurasoen beharrei erantzuteko dira, nahiz eta gero bakoitzak bere arrazoiekin mozorrotu edo justifikatu nahi. Baina zeinen beharrei begiratzen duten aztertuta bakarrik ez dugu ezer konpontzen. Galdetu eta erantzun beharko genukeena zera da: Gurasoen beharrei begiratzen badie, zer egin dezakegu gurasoek beren beharrak beste modu batera betzeko (haurrei faktura pasa gabe) edo zer egin dezakegu umeen beharrak ahalik eta asetuen egoteko?


Eskolatik irtetean beste hamaika gauza dituzte egiteko, musika, dantza, kirola... aspertzeko denbora ere behar al du ume batek?

Batzuetan aspertzea ondo etortzen da, horrek ere lagundu baitezake sormena martxan jartzen (orain dela urte batzuk, horrenbeste jostailu, makina, telebistarik ez zegoenean sormenezko eta harremanezko joku gehiago zegoen). Bestalde, eskolaz kanpoko aktibitaterik onena aktibitaterik ez egitea litzatekeela ere iruditzen zait, eguneko azken orduak bizi ahal izateko. Aktibitateren bat egitekotan disfrutatzeko, mugitzeko eta buruko jarduerak ahazteko izatea ere komenigarria da.

 

Garrantzitsua da eskola kanpoko jarduerak haurrak aukeratzea, berak nahi duelako eta ez gurasoen nahi eta ordutegia betetzeko. Disfrutatzeko izan dadila eta ez estresatuta ibiltzeko.

 

"Ez ditzagun zerbitzuak, gure ardurak arintzeko edo gatazketatik ekiditeko erabili"

 

Askotan esaten da, eskolako eta senitartekoen,etxekoen heziketa bi gauza desberdin direla. Etxeko heziketa zergatik da garrantzitsua?

Bi gauza desberdin dira eta bakoitzak bere garrantzia du, ezin gara bakoitzaren ardurak bestearen teilatu gainean jartzen ibili. Maiz entzuten da “haurrak jaten ikasteko bidaltzen dut” , “denetik jaten ikasteko bidaltzen dut”… Eskolak ez dauka ardura hori hartu beharrik. Guraso baten benetako kezka hau baldin bada (ez badu mozorrotzen bere deskantsu eta bake beharraren atzean) beharbada guraso hauei informazioa eta laguntza eskaini al zaie “ondo jate hori” erreala den aztertzeko edo haurrari laguntzeko zein jarrera hartu dezaketen, ze ardura hori familiarena da. Zerbitzu hauek funtzio bat betetzeko sortu ziren eta zentzuz erabiltzen direnean zergatik ez erabili… Baina ez ditzagun, gure ardurak arintzeko edo gatazketatik ekiditeko erabili.

 

Etxeko heziketaren garrantziaren inguruan, gizakiak amarekin eta aitarekin egiten duen binkuluak pisu berezia du. Etorkizuneko harremanetan eredua izango da. Horregatik da garrantzitsua batez ere amarekin egingo duen erlazioa (gehinenetan lehendabizikoa eta denbora gehien elkarrekin pasatzen dutena) solidoa eta sendoa izatea, gainontzekoak ere ildo horretatik joan ditezen. Ondorengo erlazioak ere bere pisua hartzen joango dira, baina oinarrizkoa etxekoa izango da.

 

Umeari eskaini behar zaion arreta gurasoen lanak eklipsatzen du askotan. Zela bilatu oreka hori?

Hemen dago benetako artea, gurasoen lana eta haurrek behar duten arretaren arteko oreka aurkitzea. Ez da kontu erraza, ez. Badakigu, ugalketa gurasoen desioa izateaz gain behar soziala ere badela. Batzuetan, haurrak hilabete gutxi dituela pentsakera “okerrak” iristen zaizkigu: haurrak sozializatu egin behar du, eskolan jasoko dutena etxean jasoko dutena baino hobea izango da edo gurasoek lan asko eta esfortzu asko egin behar dutela haurren formakuntza eta eskolaz kanpoko aktibitaterik onenak eskaintzeko…. Alderdi honetan, proposatuko nuke haurren eboluzio eta madurazioa kontuan hartuta hartzen ditugun irtenbideak haurrengan duten eragina baloratzea.


Beharrezkoa bazaigu haurrarekin ordu luzeetan banatzea eta haurraren ongizatea begiratu nahi badegu, txikiak direnean atentzio pertsonalizatua eskainiko zaion espazioa eskeintzea litzateke onena, ahalik eta ordu gutxien izatea hobe, gelditu behar duen pertsonarekin binkulua egin dezan beharrezkoa duen egokitzapena egitea, haurraren erantzun eta erreakzioa behatzea eta horren aurrean malgutasuna agertzea….

"Hazten doazen heinean haurraren nahiak errespetatu behar dira"

Hazten doazen heinean, haurraren nahiak errespetatu behar dira eskolaz kanpoko aktibitateetan (konbentzitzen ibili gabe). Jangelako zerbitzua mantentzea beharrezkoa bazaigu, haurraren onarpena ikusi eta beste aukerak ere aztertu behar ditugu (familiakoa, lagunen etxeren bat eguneko ordainketa negoziatuta…) bere deskantsua ere bermatzeko.

 

Bestalde, gizarteko diru asko erabiltzen da haurtzaindegietan, porrota duten haurren errefortzu gelatan, haur eta gazteen osasun mentaleko taldeetan, eguneko ospitaleetan, haurtzaroko psikofarmakoetan, haur eta helduen arazoentzako zerbitzuetan… Aldi berean, lan arloan eta ekonomikoan, haurrekin egon nahi duten gurasoei laguntza gutxi ematen zaie.

 

Lanean inbertitzea erabakitzen duten gurasoentzat, haurtzaindegi, haurreskola, jangela eta eskolaz kanpoko aktibitateetan beharrezkoak diren pertsonak eskaintzen dira (haur bakoitzaren erritmo eta beharrei erantzun ahal izateko) eta berauen formakuntza, errekurtsoak, espazioa… lantzen dira. Hauek dira benetako neurri prebentiboak. Luzera askoz ere errentagarriak lirateke eragin zuzena dutelako ekonomian, gizartean, arlo emozionalean eta beste zenbait zentzutan.

 

Julia Corominas: “Haur txikiei denbora dedikatzeak hazten direnean denbora asko aurreztuko dizue”

 

Gurasoek indar gehiago ipini beharko lukete umeekin egoteko astia ateratzeko?

Bai noski, gurasoentzat mezu bat luzatuko nuke, Julia Corominas doktoreak dioen moduan: “Haur txikiei denbora dedikatzeak hazten direnean denbora asko aurreztuko dizue”. Osasun fisiko, mental eta emozionalean aurrezten baitut.

Baina kontua ez da gurasoen partetik indar gehiago edo gogo gehaigo jartzea. Bakoitzaren lehentasunak, baldintzak eta gobernuko laguntzak daude jokoan eta ezin gara besoak gurutzatuta geratu. Ez gurasoei errua boteaz ez eta gobernuari eta denon artean erakitzen ari garen gizarte motari errua boteaz. Daukagun egoerarekin begiratu dezakegu bakoitzak zer egin dezakegun haurren garapenean hain garrantzitsuak eta erabakiorrak diren etapa hauetan, gure bizitzako urte konkretu batzuetan.