Maisuen Etxeen gainean jardun zuten Ezker Abertzaleak eta bertako bizilagunek

plaentxia_com 2010ko mai. 26a, 14:56
Alde bakoitzak 15 minutu izan zituen bere argudioak defendatzeko.
 
 
 
 
 
 
 
 
Joan den barixakuan Maisuen Etxeko okupek eta Ezker Abertzaleko kideek mahaingurua egin zuten Gaztetxean. 18:30ean zen hastekoa eta ordu laurden beranduago ekin zioten solasari. Alde bakoitzak 15 minutu eman izan zituen bere arrazoiak eman eta argudioekin defendatzeko.
 
Ezker Abertzalea: "Etxebizitza eskubidea bermatu nahi dugu"
Ezker Abertzaleak hartu zuen hitza lehenengo eta bere argudioak eman zituen aipatu etxeak etxebizitza sozial bihurtzeko: "Ezker Abertzalea ondasun banaketa justuaren alde dago eta egungo etxebizitza politiken aurka. Izan ere, ez da bermatzen etxebizitza eskubidea, hipotekan sartzera behartzen gaituzte, errentak garestiak dira, jabetza pribatua oso hedatua dago eta apurtu beharreko gauza bat da".
 
Ezker Abertzaleak etxebizitza politika aldatzeko etxebizitza soziala bultzatu behar dela esan zuen eta hori lortzeko, gaurko espekulazioari frenua ipini behar zaiola. Horretan, administrazioak duela egin beharra. 
 
{mosimage} 
 
Bi helburu nabarmendu zituen: bata, etxebizitza bermatzea, eskubidea delako, eta modu honetan etxebizitza sozialen edo errenta sozialen bitartez benetako eskubide bihurtuko dela. Bigarrena, espekulazioari min edo aurre egiteko, administrazioak etxebizitza sozialak egingo balitu gainontzeko errentak ere jaitsiko liratekeela. 
 
{mosimage} 
 
 
Arrazoitu zuen, etxebizitza hutsek ez dutela funtzio soziala bermatzen eta etxebizitza hutsa edukitzea, espekulatzea dela, gainontzekoei muga bat ipintzen diela hor sartzeko. 
Hutsik dauden etxeei dagokionez, espekulatzen den lekuei erabilera sozial bat ematearen alde daudela esan zuen: "Okupazioa zilegi dela uste dugu. Okupazioa eta alokairu soziala bi tresna bateragarri dira egungo etxebizitza politikari kaña sartzeko. Gure proposamena, etxebizitza soziala egitea da, ez Etxebidek egiten duen moduan zozketa bidezko banaketa". 
 
{mosimage} 
 
Bukatzeko gehitu zuen udalak ikerketa bat egiteko asmoa duela herriko etxebizitza hutsen kontrola izateko eta Inem-etik bi pertsona kontratatuko dituztela iraila edo urrian ikerketa hori aurrera eramateko. Horrez gain, nabarmendu nahi izan zuten euren helburua "errenta sozial bat eskaintzea dela beharra dutenentzat eta Maisuen Etxeak ez direla espekulatzeko erabiliko".
 
Maisuen Etxeetako okupak eta bizilagunak: "Etxebizitza hauek ez daude gure jabetzan, guk erabilpena ematen diegu"
Maisuen Etxeetako okupen txanda iritsi zen. Duela lau urtetatik bizi dira Maisuen Etxeetan,  "hutsik eta lagata" egon zitekeen etxe bat okupatzeko ideia izan zutenetik. Azaldu zuenez, "inoren zai egoteko gogorik ez genuen; gure interesak inork ez dituelako defendatuko lanari ekin genion eta bertara sartu ginen". 
 
{mosimage} 
 
Azaldu zutenez, etxebizitzena ez da jabetza kontua, erabilpen kontua baizik. Gehitu zuen: "Herrian beste okupazio batzuk egin dira eta guretzat pozgarria da hori. Etxe hutsak eta utziak berreskuratzea, konpontzea, instituzioen diruen zai egon gabe, garrantzitsua da guretzat". Jarraitu zuen esanez, argi dutela etxebizitza erabiltzen duenak hartuko dituela etxearen gaineko erabakiak eta ez beste inork: "Ez du esan nahi gure jabetzan daudenik, guk erabiltzen ditugula baizik". 
 
Gehitu zuten eurak ere espekulazioari aurre egiteko okupatzen duela eta ez zuela ulertzen zergatik okupazioa, kooperatibak eta bizitzeko beste modu asko, ez diren alkiler soziala moduan ikusten. Ezker Abertzaleari esan zieten etxebizitzen inguruko panorama konpartitu egiten dutela: "Etxebizitza ez da merkantzia moduan erabili behar, baizik eta erabilera emateko zerbait moduan".
 
Horrela, bi aukera posible ikusten dituzte, alokairu sozialeko etxebizitzak eta okupazioa, euren iritziz biak dira zilegi eta ez kontrajarriak: "Alokairu soziala egoera honi aurre egiteko bidea dela esaten duzuenean, beste aukerak alde batera lagatzen dituzue, kontuan hartu gabe" gehitu zuten. 
 
{mosimage} 
 
Euren 15 minutuko txanda bukatzeko, Maisuen Etxeetan sartu zirenean bestelako proiekturik ez zegoela pentsatuta sartu zirela arrazoitu zuten: "Iaz jakinarazi zitzaigun alokairu sozialak egingo zirela bertan bizitza zegoela kontuan izan gabe".