Allegroko bazkideek elkartearen 50 urteak ospatuko dituzte

plaentxia_com 2010ko mai. 21a, 14:16
51 lagunek sortu zuten 1960an, musika barrutik bizi zuen gizon taldeak. Izaera hori galdu duen arren, beste batzuk erdietsi ditu, emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna esaterako. Sortzaileetako lau lagun: Julian Bandaormaetxea, Ignacio Ernabide, Manuel Galarraga eta Vicente Mari Olaizola.
 
"Sociedad Artístico Musical Allegro" 1960an sortu zuten 51 bazkideren diruarekin. Buruko 1000 pezeta ipini behar izan zuten, batzuk eskudirutan, beste batzuk epeka. Lehenengo beheko solairua bakarrik zuten, 16 urte beranduago erosi zuten goiko solairua eta gaur egun ezagutzen dugun elkartea. 
 
"Ochote Allegro"
Elkartearen erroetan musika aurkituko dugu, beraren sorrera bultzatu zuten arrazoiak musikak berak bultzatuak izan zirelako. Goiko frontoian egin zen kantu txapelketa batean "Ochote Allegro"-k hartu zuen parte, Bilbotarrekin, Beragarrekin eta Eibartarrekin batera. Lehenengo saria plazentziatarrentzat izan zan. Ochote-a jakina, zortzi musikarik osatua zegoen: Berbis Ezenarro, Miguel Olaizola, Abel Treviño, Ignacio Olaizola, Eustakio Maiztegi, Luis Maiztegi, Enrique Tapken eta Ezekiel Galarraga ziren. Horiek eta beste batzuk tarteko Allegro elkartearen sortzeko beharra ikusi zuten, elkarrekin egoteko leku baten gogoa zuten. Esan eta egin, "Sociedad Artístico Musical Allegro" sortu zuten.
 
 
{mosimage} 
Manuel Galarraga eta Ignacio Ernabide elkartearen sortzaileetako bi, lehengo argazkieri begira.
 
Orduko bazkide gehienak koroko kide ziren. Erregetxean Juan eta Aniceto Zugasti apaizek solfeua irakasten zieten eta 30 ikasle inguru batzen ziren klase haietan. Musikari ikasiak ziren beraz. Elkartearen sorreraren haritik beste talde batzuk ere bazeuden, "Allegro laukotia" esaterako, Ramiro Larrañagak lauda, Eustakio Maiztegik gitarra, Bixente Olaizolak gitarra eta Angel Baionak bandurria. Santa Zezilian eta gabonetan kalera jotzera irtetzen ziren.
 
 
{mosimage} 
 
 
Orduko beteranoek diotenez sasoi haretan bazkideak egunero joaten ziren sozidadera, afaltzera, edanera edo tertuliara, eta sarri musikarekin laguntzen zuten solasa. Kantu sudamerikanoak, rantxerak eta euskal kantuek betetzen zuten errepertorioa. 
 
Azken urteetako aldaketa: emakumearen onarpena
Belaunaldien joan etorrian galtzen joan da elkartea eta musikaren arteko lotura estua. Baina sasoi berrienek ere ekarri dizkio argi berriak elkarteari, alegia, emakumearen elkarteko onarpena etorri da. Elkarteko aktetan islatzen da, 50 urte hauen joanean behin baino gehiagotan emakumeak egindako sartzeko eskaera. Ordea, asanbleetan ezezko borobila jasotzen zuten, inoiz, 52/1 ezezkoa irteten zen. Sasoi hartan, urtean birritan baino ezin izaten ziren sartu emakumeak, San Juanetan eta Andra Mari jaietan bakarrik, eta zapatuetan ere ezin zuten sartu "Por las circunstancias especiales de los sábados".
 
2007ko urtarrilean asanbleak hala onartuta lehenengo emakumeak onartu zituzten. Aurten bost dira elkarteko emakumeak, beraien aitaren, osabaren bazkide zenbakia hartu dutenak edo bazkidetza konpartitzen dutenak. Bazkide kopurua ere bikoiztu egin da, egun 92 lagunek osatzen dute. Modernitatea ere iritsi da bertara, bazkide beterano batzuk kenduta, gehienek ordenagailu bidez egiten dituzte otorduetako kontuak eta kalkuluak.
 
Sasoi zahar eta berri hauek guztiek bat egingo dute datorren ekainaren 26an eta uztaileko bi asteburutan. Hona hemen Allegroren 50. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldiak:
 
Allegroren 50 urteurreneko ospakizunak
  • Ekainak 26, zapatua
11:00etan: "Lagun giroan" argazki erakusketaren inaugurazioa Plaza Barrian (Uztailaren 10a bitaretan kiroldegian)
12:00etan: Ezoziko Ama abesbatzaren kantu saioa Plaza Barrian.
13:00ean: Salda, txorizoa  eta ardoa, Plaza Barrian.
14:00etan: Bazkide sortzaileei omenaldia eta aurresku dantza, Plaza Barrian. 
14:30ean: Bazkide sortzaileei omenaldi bazkaria, Elkarteko Zuzendaritzaren eskutik. 
 
  • Uztailak 3, zapatua
16:00etatik 21:00etara: Mus txapelketa azkarra Allegron, 8 erregetara, soraluzetar guztiei irekia. Gehienez 24 bikotek hartu ahal izango dute parte. Izen ematea, elkartean bertan 15:30ean: Bikote bakoitzak 10 euro ipini beharko ditu. 
 
  • Uztailak 10, zapatua
12:00etan: Buruhaundien kalejira. 
13:30ean: Gaur egungo bazkideen argazki ofiziala, Plaza Barrian.
14:00etan: 50. urteurreneko bazkari ofiziala Allegron bazkide guztientzako. Herriko agintariak eta gainontzeko elkarteetako irdezkariak ere gonbidatuko dira.