Ander Lizarralde irabazle Plazatik Gaztetxerako Soraluzeko kanporaketan

plaentxia_com 2010ko mai. 18a, 12:44
Giro bikaina eta maila oso ona eman zuten bertsolariek; Gaztetxea leporaino bete zen.
 
 
 
 
 
 
 
Joan den barixakuan jokatu zen IX. Plazatik Gaztetxera txapelketaren bigarren kanporaketa Soraluzeko Gaztetxean. Bertan afaria egin eta gero Gaztetxea leporaino beteta zela (70-80 lagun), ekin zioten bertsolariek lanari. 
 
Gaztetxeko kide den Unai Soraluze gai jartzailea hizketan hasi orduko berotu zen giroa Soraluzeko Gaztetxean. Unairen aurkezteko eta gai jartzeko modu natural eta sanoa asko eskertu zuen bertan batu zen ikuslegoak eta etengabe eskertu zioten saio osoan jarrera hori. Bertsolariak lehen agurra kantatzen hasterako ikuslegoa bero-bero zegoen eta bazter guztietan nabari zen bertso gosea. Hori ikusita, hasieratik ekin zioten bertsolariek umore eta txispa onarekin eta saio guztian zehar maila eta giro bikaina mantendu zuten.
 
{mosimage} 
 
Ander Lizarralde koska bat gorago aritu zen saio osoan zehar, batez ere kopletan eta bakarkako lanean, baina beste bost lagunak ere ez ziren atzera gelditu. Irudimen handiko saioa izan zen hasieratik amaierara arte. Ikuslegoak etengabe eskertu zuen bertsolarien jarduna txalo zaparrada eta animo berbak botata. Epamahaiak eta ikuslegoak bat egin zuten ebazpenean eta ez zen buruz burukorik jokatu beharrik izan. Ander Lizarralde aukeratu zuten bi aldeek eta berak eraman zituen epamahiaren eta publikoaren sariak.
 
Sariak ere bereziak izan ziren Soraluzen eta eman zuen zer esana. Gaztetxekoek kareta bana prestatu zuten bertsolari bakoitzarentzat eta horixe jantzita kantatu zuten bertsolariek azken agurra. Agurraren ostean, ikuslegoak hala eskatuta puntukako saio bat egin zuten karetak jantzita zituztela .
 
Giro ona eta maila hobea 
Urtero izaten da giro ona Soraluzen baina aurtengoak maila denak gainditu ditu. Bertsolariek eta ikuslegoak bat egin zuten giro magikoa sortu zen.
 
{mosimage} 
 
Azken sailkapena (Soraluze):
Ander Lizarralde 214 (finalera zuzenean sailkatuta)
Aitor Urnieta 189
Ander Elortegi 186,5
Ekhi Erremundegi 186,5
Patxi Iriart 180
Eneko Beretxinaga 178  
 
{mosimage} 
 
Maiatzaren 21ean Mendaron 
Hurrengo saioa datorren ostiralean, Maiatzak 21, Mendaroko Gaztetxean izango da. Afaria 20.30etan eta saioa 22.30etan.
Hauek dira bertan parte hartuko duten bertsolariak:
Eneritz Artetxe
Olatz Ibarluzea
Julen Sololuze
Peru Vidal
Hodei Barroso
Ekaitz Samaniego
 
SAILKAPEN OROKORRA
Ander Lizarralde 214 (finalera zuzenean sailkatuta)
Beñat Iguaran 207 (finalera zuzenean sailkatuta)
Asier Azpiroz 198
Hodei Iruretagoiena 193
Ander Solozabal 190,5
Aitor Urnieta 189
Ander Elortegi 186,5
Ekhi Erremundegi 186,5
Patxi Iriart 180
Eneko Beretxinaga 178
Maddi Gallastegi 173
Irati Erkizia 171
  • Kronika: Egoitz Unamuno
  • Argazkiak: Ander Ariznabarreta