Berdintasun plana aho batez onartu dute

plaentxia_com 2009ko abe. 3a, 13:36
Atzoko Udalbatzarrean 2010eko Ordenantza Fiskalen aldaketa onartu zen; trafikoaren norantza berrezartzeko PNV-EAJ, PSE-EE eta PP alderdien mozioak ez zuen aurrera egin.
 
 
 
 
 
Atzoko Udalbatzarrean azken akta onartu eta gero, 2010. urterako Ordenantza Fiskalen aldaketak onartu egin ziren aldeko 5 botu (Gobernu Taldea), 4 abstentzio (PNV-EAJ, PP) eta bi kontrakorekin (PSE-EE).
 
Iker Aldazabal EAJko bozeramaileak esan zuen ez daudela ados zabor tasekin eta euren proposamenak ez onartzeagatik eta euren ideiekin "koherente izateko" abstenitu zirela. PSEko Soledad del Bosque zinegotziak, "pintadak egitea eragotziko balitz, berauek ezabatzen xahutzen den dirua aurreztuko litzatekeela" adierazi zuen.
 
Gobernu Taldeak adierazi zuen "lehengo bideari jarrituko diola" eta eurak ere "koherente izan nahi dutela" eta hurrengo legealdian gobernatuko duen taldeari ez diela eurak "zaborren tasetan jaso duten adinako defizita" jaso arazi nahi. 
 
Futbol zelaiaren behin betiko esleipena zein kanpoko bi igogailu publikoen kontratazioaren espedientea aho batez onartu ziren. 
 
Berdintasun Plana aho batez onartu da 
Eguneko gai garrantzitsuenetarikoa, Berdintasun Plana, aldeko 11 boturekin onartu zen. Denak bat etorri ziren pauso garrantzitsu bat eman dela planaren onarpenarekin.
 
PNV-EAJko Iker Aldazabal pozik agertu zen, nahiz eta gehitu zuen, planarekin batera berdintasun teknikariarendako sortutako lanpostua ez zela beharrezkoa: "beste udalerri batzuetan egiten diharduten moduan, Debegesatik bideratutako teknikoa egon badagoelako".
 
Larraitz Lakuesta zinegotziak komunikatu baten bitartez bere poztasuna agertu zuen. Hala ere, oraindik "bide luzea dagoela aurretik eta planaren onarpena lehen urratsa baino ez dela" gehitu zuen. Jarraian eskerrak eman nahi izan zizkion herriko eragile guztiei egindako ekarpenengatik. Patricia Borinaga PSE-EEko zinegotziak horrelako gaiak "politikaren gainetik" daudela esan zuen. 
 
Gobernu Taldeak Kiroldegi gaineko obren gainean mozioa 
Udal Gobernu Taldeak kiroldegi gaineko obren gaineko mozioa aurkeztu zuen "egoera honi irtenbidea lehen bailehen emateko, estalki berria egin eta erabilera anitzeko gunea egiteko". Aldeko 11 boturekin aho batez onartu zen.  
 
Gobernu Taldearen mozioa, gazte mugimenduaren kontrako eraso errepresiboaren gainean
Udal Gobernu Taldeak, Grande Marlaskak agindutako 34 gazteren atxiloketen gaineko mozioa onartu egin zen, aldeko 5 botu (Udal Gobernu Taldea), 3 abstentzio (PNV-EAJ) eta kontrako 3 boturekin (PP, PSE-EE).  
 
PNV-EAJ, PSE-EE, PP alderdien mozioa, trafikoaren norantza berrezartzeko 
Trafikoa berrezartzeko aurkeztutako mozioa mahai gainean geldi geratu zen Udal Gobernu Taldeak hala eskatuta, "egun gutxi pasatu direlako eta benetako eragina ikustear dagoelako". PSE-EEk ere mahai gainean lagatzearen alde egin zuen, nahiz gehitu zuen aurrez bazekitela ez zeudela bialean aparkalekuak egitearen alde. PNV-EAJk orduan, euren postura berriz aztertu eta hausnarketarako denbora utziko dutela esan zuen. 
 
EHGAMen mozioa, Benedikto XVI.a Aita Santuaren adierazpenen gainean
Udal Gobernu Taldeak EHGAMen mozioa aurkeztu zuen, Aita Santuak HIESAren prebentzioaren gainean egindako adierazpenen harira. Aldeko 10 botu eta PPren kontrako boto bakarrarekin onartu egin zen mozioa. Maria Garmendia PPko zinegotziak argudiatu zuen Aita Santuaren hitzak "testuingurutik atera eta gaizki ulertuak izan direla".