2010eko Deba Goienako Trikitixa Eguneko logotipo lehiaketa martxan da

plaentxia_com 2009ko aza. 11a, 14:09
2010eko Deba Goienako Trikitilari Eguna Soraluzen izango da datorren apirilaren 17an.
 
Nahiz data urrun samar egon, antolakuntza lanean ari da 2010eko Trikiti Eguna prestatzeko eta logo lehiaketa antolatu dute. Lanak abenduaren 11a bitartean aurkeztu beharko dira. Logo irabazleak 150 euroko saria jasoko du eta bere lana pegatina, txartel eta abarrean agertuko da.
 
Hauek dira logo lehiaketaren OINARRIAK:
 
1.- Parte hartzea: Lehiaketan edonork har dezake parte. 
 
2.- Egin beharrekoa: Deba Goienako 2010eko Trikitixa egunaren inguruan egin behar diren pegatina, txartel eta abarrean erabiltzeko logotipoa diseinatzea. Logotipoan marraskiloa, soinua eta panderoa agertu behar dira eta ondorengo esaldi hau eraman behar du: Deba Goienako Trikitixa Eguna 2010, apirilak 17, Soraluze
 
3.- Euskarria: Digitalean eta paperean entregatu beharko dira, koloretan zein zuribeltzean. 
 
4.- Nola aurkeztu: Logotipoa aipatutako euskarrietan kartazal itxi baten barruan aurkeztuko da goitizen batekin; eta Trikitixa eguna Logotipo Lehiaketa esaldiarekin. Kartazal horren barruan, beste kartazal bat sartu beharko da goitizena duela kanpoaldean eta barruan egilearen izen-abizenekin eta harremanetarako telefono zenbaki batekin.
 
5.- Non aurkeztu: Soraluzeko Musika Eskolan edo 148 Posta Kutxatila 20590 Soraluze helbidean.
 
6.- Epea: Lanak aurkezteko azken eguna 2009ko abenduaren 11 izango da
 
7.- Saria: 150 euroko saria irabazlearentzat.
 
8.- Ebazpena: Trikitixa-Eguna antolatzen ari den taldean erabaki eta jakinaraziko du abenduaren 18an. 
 
9.- Jabetza: Saritutako lana Soraluzeko Musika Eskolarena izango da eta  hark egoki ikusten duen moduan erabiltzeko aukera izango du.