Unamunotarrek Soraluzeko aditz taulak aurkeztu dituzte

plaentxia_com 2009ko urr. 16a, 14:45
Arianne eta Egoitz Unamunok herriko zazpi hiztunen laguntza jaso dute taulak osatzeko. (Irudian aurkezpenera gerturatu zirenen talde argazkia)
 
 
 
 
Atzo arratsaldeko 19:00etan, Unamuno anai-arrebek Soraluzeko Aditz Taulen gidaliburua aurkeztu zuten Soraluzeko kapillan eta gerturatutako 40 bat lagunek bete egin zuten aurkezpen aretoa.
 
Unamunotarrek azaldu zutenez, liburua gida-liburu bat da eta egunerokoan erabiltzen diren ohiko aditzak jaso dituzte bertan: "Edozeinek erabili dezake, herritarrek, ikastetxeko eta euskaltegietako irakasleek, ikasleek...". Aditz taulen liburua osatzeko Josu Izquierdo irakaslearen azken aditz liburua hartu dute oinarri eta Izquierdo bera ere bertan izan zen Unamunotarrekin batera liburua aurkezten.  
 
{mosimage} 
 Arianne Unamuno, Egoitz Unamuno eta Josu Izquierdo atzoko aurkezpenean.
 
San Andres auzoko zazpi hiztun
Liburua osatzeko Soraluzeko San Andres auzoko zazpi hiztunen laguntza jaso dute eta urte eta erdi behar izan dute herri hizkeren aditz taulak osatzeko. Ez da lehen aldia Badiharduguk Deba Ibarreko aditz-taulen liburua argitaratzen duena, aurretik izan dira Eibar, Elgoibar edo Elgeta esate baterako. 
 
Pil-pileaneko bazkideek doan jaso dute
Pil-pileaneko bazkideek doan jaso dute aditz taulen gidaliburua, baita euskara irakasle eta ikasleek ere. Erosi nahi duenak Udaletxean, Pil-pileaneko egoitzan eta Iratxo goxodendan egin ahalko du 2 euroko prezioan. Bestalde, urtarriletik aurrera atari honetan , zein Soraluzeko Udalaren eta Badiharduguren atarian eskuratu ahalko dira.
 
Bukatzeko liburu egileek eskerrak eman nahi izan zizkien Soraluzeko Ametsa Ikastolan irakasle izan dituzten irakasleei, AEKko irakasleei, Badiharduguri, Pil-pilean euskara elkarteari eta azkenik Soraluzeko Udalari.