Kiroldegi barrua konpondu eta industrialdean errotonda egiteko eskatu dio Udal Gobernuak Olanori

plaentxia_com 2007ko urr. 26a, 14:10

Herenegun izan zen Markel Olano Gipuzkoako Aldun Nagusia Soraluzen, Udal Gobernu Batzordeak hala eskatuta. Aurreko legealdian Foru Aldundiarekin zeuden akordioak birpasatu eta lehentasun berriak adierazi zizkioten Udaletxean egindako bileran. Kiroldegi gaineko proiektuari dagokionez, gainaldea konpondutakoan, kafetegia eta igogailu panoramikoa egin ordez, barruko instalazioak konpontzeko eskaera egin zioten (zinea, igerilekua, aldagelak, gimnasioa...). Bestetik, Sagar Errekarako sarreran egin asmo den errepide hegalaren ordez, industrialdeko zubi parean errotonda bat egitea proposatu zioten, hortara, arazo bi batera konponduko liratekeelako.

Hainbat bisita egin zituzten herrian zehar. Elizan izan ziren konponketa lanak ikusten eta finantziazioan laguntza gehiago eskatu zioten Olanori. Jubilatuetan eta Zaharren Egoitzan ere izan ziren. Alkatearen esanetan, "Aldun Nagusia hunkituta geratu zen Zaharren Egoitzaren egoerarekin eta berrizte lanen bilakaera motelarekin".

Soraluzeko lehentasunen inguruan, Udal Gobernuak herriak dituen premia nagusien berri eman zion Markel Olanori. Besteak beste, nagusientzat eguneko zentro bat, kultur azpiegitura egokia, gazteentzat lokalak eta Ezoziko futbol zelaia berriztea direla azaldu zioten.